Baroja Nessi, Pío
Gaztelaniaz idazten zuen eleberrigile gipuzkoarra (Donostia, 1872 - Madril, 1956). Serafínen semea. Aitaren lanbidea zela eta, mea-ingeniaria baitzen, gaztaroa Espainiako hainbat hiritan igaro zuen. Medikuntza ikasi zuen Madrilen eta Valentzian. Gero, mediku izan zen Zestoan, baina bi urteren buruan lanbide hura utzi eta Madrila jo zuen. Familiaren okindegia eraman zuen Madrilen. Garai hartan, gerora 98ko belaunaldia izendatu zuten idazle talde gaztearekin harremanetan jarri zen, errepublikaren aldeko egunkarietan eta gazteria ikonoklastaren aldizkarietan artikuluak idazten zituelarik. Okindegiko lanetan sei urte eman ondoren, literaturari ekin zion huts-hutsik, eta 1900ean bere lehen lana argitaratu zuen: Vidas sombrías, kontakizun liburua. 1911. urtera bitartean, Espainian, Frantzian, Ingalaterran eta Italian barna egindako bidaiez gainera, bere lanaren gune garrantzitsuena moldatzen duten hamazazpi eleberri kaleratu zituen. Harrezkero, ospe eta entzute handia harturik, idazten jarraitu zuen etengabe. 1935ean Real Academia Española delakoan sartu zen. 1936ko gerrak Berako etxean harrapatu zuen. Gipuzkoara zihoazen altxatutakoen osteekin arazoak izan eta, karlistek ezaguturik larri ibili ondoren, Donezteben preso egon zen gau batez; gero Donibane Lohizunera ihes egin zuen. Handik gutxira itzuli zen, eta 1940an Madrilen bizitoki hartu eta berriro idazten bizi izan zen hil arte. Gaztetan anarkismoaren zalea izana, etsipenak hartu zuen. Gizonarenganako itxaropena galdurik, laster erlijio, etika edo politikarekiko mesfidantza nagusitu ziren Barojarengan. v Idazle oparoa izan zen; haren eleberri eta kontakizunek 75 liburu osatzen dituzte. Barojak berak hirunaka sailkatu zituen bere eleberri garrantzitsuenak. Horietatik nabarmentzekoak dira:
Euskal lurra: La casa de Aizgorri (1900), El mayorazgo de Labraz (1903) eta Zalacaín el aventurero (1909), Euskal Herrian kokatuak. Karlistadan kokatuak dira; ahaztezinak dira Zalacaín-en gertaerak. Autoreak sail honetan sartu ez bazuen ere, La leyenda de Jaun de Alzate gogoangarria aurrekoekin lotu daiteke.
Arraza: La dama errante (1908), La ciudad de la niebla (1909) eta El árbol de la ciencia (1911). Lehenengo bietan Aracil doktoreak Ingalaterrara ihes egiten du Brull (Morral) anarkista babesteagatik. Hirugarrena, Andrés Hurtado protagonistaren heziketa kontatzen duena, autobiografikoa da hein handi batean.
Bizitza fantastikoa: Aventuras, inventos y mixtificaciones de Silvestre Paradox (1901), Camino de perfección (1902) eta Paradox rey (1906). Lehen eta hirugarrenean Paradox pertsonaia bitxi maitagarriaren gorabeherak kontatzen dira. Bigarrenean, Fernando Ossorio protagonista, larridurak jota, bizitzari zentzua aurkitzen saiatzen da.
Bizitzeko borroka: La busca (1904), Mala hierba (1904) eta Aurora roja (1905). Langileria xehearen giroa agertzen da hauetan, mende hasierako Madrilen.
Hiriak: César o nada (1910), El mundo es ansí (1912) eta La sensualidad pervertida (1920).
Itsasoa: Las inquietudes de Shanti Andía (1911), El laberinto de las sirenas (1923), Los pilotos de altura (1929) eta La estrella del capitán Chimista (1930). Euskal marinelen gertaerak jasotzen dituzte eta lehenaren protagonista Barojaren pertsonaien artean handienetakoa da.
v Azpimarratzekoa da, bestalde, Aviraneta pertsonaiari buruzko saila: Memorias de un hombre de acción, 22 liburu (1913-1935). Gainera, egilea eta garaia ezagutzeko guztiz interesgarriak dira haren oroitzapen liburuak: Juventud y egolatría (1917), Desde la última vuelta del camino, 7 liburu (1944-1949). Azkenik, Barojaren gainerako lanek —artikulu, biografia, bidaia liburu, saiakera, antzerki eta poesiek— beste zenbait liburu osatzen dituzte. Estiloari dagokionez, ohiko erretorikaren aurkako joera agerikoa da Barojarengan; esaldi motzak eta pasarte laburrak hobesten ditu. Kontaketarako duen dohain handiak eta sormenak bere garaiko Espainiako eleberrigile estimatuena egin dute Baroja. Ondoko eleberrigile anitzek sarritan aitortu dute haren eragina.