Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bardeak

edo Errege Bardeak. Nafarroan, Aragoi, Arga eta Ebro ibaien artean zabaltzen den larregunea. 415 km2. Nafarroako Erriberako 19 herrik erabiltzen dituzte lurralde horiek, Bardeetako mugetan daudenak batzuk (Buñuel, Fustiñana, Cabanillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Alesbes, Caparroso, Melida, Santacara eta Zarrakaztelu) eta mugetatik urrun besteak (Corella, Cortes, Milagro, Marcilla, Funes, Azkoien eta Falces). Hauez gainera, Erronkari eta Zaraitzu ibarrek eta Olivako Monasterioak ere badute Bardeetarako eskubidea.  v  Orografia. Hiru alde nagusi bereizten dira Bardeetan: Bardea Zuria, ipar-mendebalera luzatzen den higadura sakonunea; erreka idorrez beteriko eremu baten ondoan, hegoalderago, Tuterako sakonunea ageri da eta, Aragoiko mugan, hego-ekialdean, Bardea Beltza, Bardeetako alderik altuena (Loma Negra, 646 m). Ur lasterrak aldizkakoak dira, Ipar Afrikako «uadi»en antzekoak. Eurite urriak kolpeka erortzen dira, eta lurralde hori idortu egiten dute. Bertako landaretza pobrea da.  v  Ekonomia. Artzaintza da Bardeetan betidanik bideratu den jarduera nagusia, horretarako bertako larreak baliatu direlarik.  v  Historia. Nafarroako Koroaren eremuak izaki, Erronkari ibarra izan zen erregeengandik Bardeak erabili ahal izateko eskubidea jaso zuen lehen herria eta eskualdea (882). Arguedas (1092), Tutera, Valtierra eta Cadreitarekin batera (1117), eta Caparroso (1472) izan ziren ondorengoak. Geroztik Nafarroako herri gehiagok irabazi zuten Bardeak erabiltzeko eskubidea.  v  Errege Bardeak eztabaidagai bihurtu ziren Estatu Batuek Zaragozan duten base militarreko hegazkinentzat tiro probaleku izendatu ondoren. Horrek herri talde askoren protesta eragin du, oso handia baita ekintza hauek ekar dezaketen hondamendi ekologikoa.