Balmaseda
Bizkaiko udalerria (Enkarterri). Mugak: iparraldean Artzentales eta Turtzios, ekialdean Gordoxola eta Zalla, eta mendebal nahiz hegoaldean Burgos. 22,54 km2. 1997ko datuen arabera, 7.144 biztanle ditu, aurreko erroldan baino askoz gutxiago (balmasedarrak). Auzoak: Balmaseda, Pandozales eta Peñueco. Kadagua ibaia igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. Hizkuntza banaketa 1996an: 695 euskaldun, 1.101 ia euskaldun eta 5.325 erdaldun. Industria eta serbitzuak dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Gaur Enkarterriko herrigunerik garrantzitsuena dena, Balmaseda Bizkaiko Jaurerriko hiribildurik zaharrenetakoa da. Erromatarren garaiko herria da; bertatik igarotzen zen Burgosa zihoan galtzada erromatarra. 1199. urtean Hiri Gutuna eta Logroñoko foruak jaso zituen Lope Sanchez de Mena jaunaren eskutik. 1234an Jaurerriaren barne gelditu zen. Hiribilduaren askatasuna, foruak eta eskubideak 1306. urtean berretsi ziren. Ganboarren eta oñaztarren arteko guduen ondorioz (XIV. eta XV. mendeetan) herriko jauretxerik gehienak suntsitu ziren. XV. eta XVI. mendeetan Balmasedak garapen ekonomiko handia izan zuen burdingintza eta eskulangintzari esker.