Balmes, Jaime
Apaiz, kazetari eta filosofo espainiarra (Vic, 1810 - Vic, 1848). Bere lanean eta zuzendu zituen aldizkarietan —La sociedad (Bartzelona, 1843) eta El pensamiento de la nación (Madril, 1844)— politika, ekonomia eta gizarteari zegozkion gaiez jardun zuen. Langileen elkarteen alde egin zuen, berauen eta ugazaben artean akordioak lortzeko bide bila. Industria eta nekazaritzarekiko protekzionismoaren alde egin zuen. Politikaren alorrean, nazioaren interesak alderdien gainean daudela aldarrikatuz, liberalak eta karlistak programa bakar baten inguruan bildu nahi izan zituen. Ildo horretatik, elkarren kontrako gerran ari ziren monarkiaren bi adarrak batzea, Elisabet eta Montemolín-go kondea elkarrekin ezkonaraziz, Balmesen asmorik ausartena eta porrot handiena izan zen. Filosofo gisa, eskolastizismo modernoaren barnean kokatzen da, eta XIX. mendeko Espainiako filosofo nagusietakotzat hartzen da. Lan garrantzitsuenak: El protestantismo comparado con el catolicismo (1842), El Criterio (1843) (euskarara Zinkunegik itzulia, Irizpidea, 1918), Filosofía fundamental (1846) eta Filosofia elemental (1847).