Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Balkanak

edo Balkanetako penintsula. Europako hego-ekialdeko penintsula. Danubio ibaiak eta Sava beronen adarrak iparraldetik mugatzen dute, eta Adriatikoak, Mediterraneoak eta Itsaso Beltzak inguratzen dute gainerako aldeetatik. Otrantoko Ubideak bereizten du Italiatik; Dardanelo eta Bosforo itsasarteek Asia Txikitik. Jugoslaviako zatirik handiena, Albania, Bulgaria, Grezia eta Europako Turkia hartzen ditu. 550.000 km2 eta 40.000.000 biztanle. Hiru mendilerrok zeharkatzen dute Balkanetako Penintsula: Alpe Dinariarrak Albania eta Peloponesoko mendietatik luzatzen dira Mediterraneoraino; Balkan Mendiak ipar-ekialdean hedatzen dira eta Rodope Mendiak Mazedoniaren iparraldean.  v  Historia. Antzinatean, Balkan herrien historia Grezia, Illiria, Mazedonia eta Epiroko historiarekin lotuta egon zen. K.a. II. mendetik aurrera erromatarren eskuetan egon eta 395ean Bizantzioko inperioaren osagarri bihurtu zen. Godoen, hunoen eta abaroen inbasioen ondotik, VII. mendean, herri eslaviarren zabalkundeak itxuratu zuen Balkanen iparraldeko osaera etnikoa (Bulgaria, Serbia, Kroazia, Eslovenia, Bosnia eta Herzegovina, Montenegro, Mazedonia). Turkiarrek XIV-XV. mendeetan hartua, Balkanetako Penintsula haien mende egon zen XIX. mendean askapen higikundeak gorpuztu ziren arte. Inperio otomanoaren zatiketan esku hartu nahi izan zuten Europako estatuek larriagotu zuten herri hauen egoera (turkiarren eta errusiarren arteko gerra, 1877-1878).  v  Balkanetako Gerrak (1912-1913). Errusiarrek Itsaso Beltzeko itsasarteak menderatzeko egin zituzten ahaleginek turkiarren erabateko gainbehera ekarri zuten. Lehen gerran, Balkanetako elkartea (Serbia, Bulgaria, Grezia, Montenegro) Turkiari nagusitu zitzaion eta inperio otomanoaren deuseztatzea ekarri zuen (Londresko Ituna, 1913). Albaniak burujabetza eskuratu zuen haren ondorioz. Bigarren gerran, Bulgaria, Serbia eta Greziaren aurka altxatu zen, Balkan lurraldeen banaketa zela eta. Errumania eta Turkia borrokan sartu ondoren, Bulgariak gerra galdu zuen eta haren eremua Mazedonia, Grezia eta Serbia artean banatu zuten; Andrinopla turkiarren eskuetan geratu zen eta Dobrudja Errumaniaren eskuetara igaro zen.  v  Balkanetako Penintsulan hasi zen Lehen Mundu Gerra, eta gudu garrantzitsuak izan ziren bertan: Austria eta Bulgariaren erasoa Serbiaren aurka (1915), Dardaneloetako ekintzaren porrota eta aliatuen erasoa Mazedonian (1916, 1918). Bigarren Mundu Gerran ere eraso bortitzak jasan zituen: Italiak Albania hartu zuen (1939), italiarren erasoa izan zen Grezian (1940), Ardatzeko osteek lurralde guztiak hartu zituzten (1941-1944).  v  1945aren ondoren. Oraintsu arte, talde nagusien arteko orekak eta gerra hotzak itxuratu dute Balkanetako Penintsulako banaketa politikoa berrogei urte luze horietan: Grezia eta Turkia NATO erakundeko partaide ziren, Bulgaria Varsoviako Hitzarmenekoen artekoa zen, Jugoslavia bi blokeen erdian eta, 1977 arte, Txina aldera lerratu zen Albania bere aldetik. Balkan herrietako antolamendu politikoa arras aldatu da 1990etik aurrera. 1991. urtean Esloveniak eta Kroaziak independentzia eskuratu zuten, aurreko Jugoslaviatik bereziz eta gerra gudu latzen ondorioz, Kroazia eta Serbiaren artean batez ere. Urte berean, Mazedoniak aldarrikatu zuen burujabetzak ez du oraingoz biderik ikusi. 1992ko Martxoan, Bosnia Herzegovinak independentziaren aldeko hautua egin zuen, Bosnia eta Montenegroko errepubliketatik banatzeko epea luzatu duen arren. Itxura guztien arabera, Balkan herriek hautsi egingo dute XX. mende luzean zehar penintsula horretan nagusitu den antolamendu politikoa: Eslovenia, Kroazia, Bosnia eta Herzegovina, Serbia eta Montenegroz gainera, Kosovo lurralde albaniarra Albaniari begira bizi da aspaldidanik eta Mazedoniak Greziaren meneko Mazedoniarekin bat egiteko asmoa agertu du.