Balkenhol, Stephan
Alemaniar eskultorea (Fritzlar, Hesse, 1957). Hanburgoko Arte Ederretako eskolan egin zituen ikasketak, Ulrich Rückriem-en lantegian. Ikasketak amaitu ondoren lantegi horretako laguntzaile izan zen (1979-1982). 1980ko hamarraldiaren hasieran “eskultura izoztuak” osatu zituen, beirazko objektuekin. Zurezko lehenengo eskulturak 1982an egin zituen, eta handik aurrera zura izango zen Balkenhol-en gai maitatuena. Eskultura horiekin antolatu zuen, hain zuzen, 1984an erakusketa bat Löhrl galerian, Mönchengladbach-en. 1990eko hamarraldian hasi zen ospetsu izaten, eta Europako eta Estatu Batuetako hainbat museo eta galeriatan antolatu zituen erakusketak. Ordu arteko lanak gizon eta emakumeen eskulturak ziren, jarrera askotan (zutik, eserita, taldean); kolore biziz jazten zituen batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, ilea eta ahoa besterik ez zien koloreztatzen. 1990eko hamarraldiaren hasieran Balkenhol-ek animalien irudietara jo zuen. Animaliak bakarka (lehoia, sugea) edo taldean, Six Ours (1991) edo 57 pinguino (1991) erakusten zituen. Zenbaitetan gizakiak eta animaliak batera erakusten ditu. Balkenholen eskulturek gaur egungo pertsonaiak adierazten dituzte, espresiorik gabeak, jarrera hieratikoan.
- balizko
- Balkhash
- Balkan mendiak
- Balkanak
- balkanizazio
- Balkenhol, Stephan
- balkiria
- balkoi
- Balmaseda
- Balmer, Johann Jakob
- Balmes, Jaime