Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bakezaletasun

iz. Bakezaleen dotrina. ■ Gerraren eta beste indarkeria mota batzuen aurkako jarrera, higikunde politiko antolatu baten edo ideologia jakin baten bidez adierazia, da bakezaletasuna. Bakezaletasunak aldaera absolutuak eta doktrinarioak ditu, batetik, eta beste batzuk orokorragoak eta praktikoagoak, bestetik. Bakezale erlatiboek aintzat hartzen dituzte gatazkei eta indarkeria motei buruzko zenbait jarrera. Bakezale erabatekoak, berriz, gerra guztien eta indarkeria mota ororen aurka daude, eta pertsona batek beste bat hiltzea guztiz moralaren kontrakotzat daukate. Bakezaletasunaren filosofia, historian zehar, moralean, jainkozko borondatean, edo ekonomia edo gizarte egokitasunean oinarritu da. Bakezaletasun hitza XX. mendearen hasiera arte ez zen zabaltzen hasi. ■ Bakezaleen helburuak. Gerra eragoztea lortzeko, bakezaleek lau helburu nagusi lortu behar dituzte: bakearen aldeko giroa lortu; ekonomiari, botere nahiari eta atzerritarren mende geratzeko beldurrari datxezkion gatazka iturri balizkoak deuseztatu; gatazkei konponbideren bat bilatzeko bideak urratu; eta, azkenik, hartutako erabakiak betearazteko mekanismoak bilatu. ■ Bakezaletasun erabatekoa. Zenbait elizatako kideek –menonitak eta kuakeroak, adibidez– elkartasunez eta indarkeriarik gabe jokatzen dutela erakutsiz erasotzaileek portaera bakezaleak har ditzaketela uste dute. Jokabide hori Testamentu Zaharrean aurkitzen da, Mendiko sermoian, baina kristautasuna bera baino askoz ere zaharragoa da. Litekeena da Buda, Konfuzio eta sortaldeko beste filosofo batzuen irakaspenetan izatea jatorria. Bakezaletasun erabatekoak bere kideek, erasoren baten aurrean, jasotako kaltearen ordainez onura eskaini behar dutela aldezten du. Nolanahi dela ere, bakezaletasun mota honek ez du inoiz izan erabateko arrakastarik. Lehenengo kristauek horrela jokatu bazuten ere zenbait belaunalditan, batere indarkeriarik ez erabiltzeko jarrera hura IV. mendean desagertu zen, Elizak eta Erromako estatuak bat egin zutenean. ■ Bakezaletasun erlatiboa. Bakezale ez hain erabatekoek beste portaera kode batzuk dituzte. Indarkeriaren erabilera gaitzesten badute ere, helburuak lortzeko erresistentzia pasiboa erabiltzea onartzen dute. Portaera honen bi adibide ezagun dira Indiako biztanleen erresistentzia Britainia Handiaren gobernuaren aurrean, eta estatubatuarren desobedientzia zibila eskubide zibilengatik. Bakezaletasun mota honen kritikariek erresistentzia pasiboak frustrazioa, erresumina eta erasotzailearen aldetik zapalkuntza handiagoa dakartzala diote. Bakezale askoren ustez bakeari eusteko modu bakarra defentsa gisa indarra erabiltzeko prest egotea da. Horren arabera zilegi izango litzateke inoren erasoaren aurrean herri batek bere burua armez defendatzea, baina ez, ordea, beste herrialde batzuei beren burua defendatzen laguntzea. Segurtasun kolektiboaren teoriak bakearen aldeko nazioen defentsa ituna proposatzen du, hura hautsiko dutenen aurrean. Baina aukera hori aurkarien arteko itun sistema hutsa izatea nahi ez bada, bere erabakiak ezartzeko eta arbitratzeko gauza izango den nazioarteko makineria baten gidaritza beharko da. Beraz, teoria horren aldekoek nazioarteko organizazio guztiak defendatu dituzte: arbitratze epaitegi iraunkorra, Nazioen Elkartea, eta Nazio Batuen Erakundea. ■ Historia. Bakearen aldeko lehen higikunde antolatuak XIX. mendea arte sortu ez baziren ere, Erdi Aroaren bukaeran, hiri estatuek gorantz egin zutenean, hasi ziren gerra eragozteko bideak bilatzen. XIV. mendean Dante Alighierik gerrarekin amaitzeko mundu inperioa sortzea proposatu zuen; XV. mendean Bohemiako errege Jorje Podebradek nazioarteko parlamentu bat sortzeko beharra aldarrikatu zuen; XVI. mendean Henrike IV.a Frantziakoak ere antzeko proposamena egin zuen; XVII. mendean William Penn ingeles kuakeroak Europako egungo eta geroko bakerako saiakera bat (1694) idatzi zuen; XVIII. mendean Charles Irénée Castel frantses idazleak (Saint-Pierreko abade izenez ezagunagoa) bake iraunkorraz egin zituen proposamenek (gero Immanuel Kantek baliatuak) eragin handia izan zuten bere garaiko irakurleengan. Historiako lehen erakunde bakezalea New Yorken sortu zen, 1815ean, David Low Dodge merkatari estatubatuarraren ekimenez. Beste bat Massachusettsen antolatu zen, urte horretan bertan, Noah Worcester teologoak bultzatua. William Ladd bakezaleak 1828an sortu zuen Estatu Batuetako Bakearen Aldeko Elkartea aurreko bi erakunde horien printzipioetan oinarritu zen. Mendean aurrerago beste zenbait elkarte bakezale sortu ziren Europako herrialdeetan. 1848an estatubatuar hizkuntzalari Elihu Burrittek Anaitasun Unibertsalaren Liga sortu zuen Estatu Batuetan, Britainia Handian, Frantzian eta Holandan. Nolanahi ere, lehen talde idealista hauek ez zuten gerra eragozteko inolako plangintzarik zehaztu. ■ Egungo bakezaletasuna. Lehen Mundu Gerraren ondoren, bakezale askok Nazioen Elkarte sortu berrian jarriak zeuzkaten defentsa kolektibo bat lortzeko esperantzak. Erakundeak, baina, egitura ahula zeukan, eta ez zuen gerra eragozteko bitarteko eraginkorrik eskaintzen. 1941. urte aldera munduko herrialde gehienak Bigarren Mundu Gerran nahastuta zeuden. Gerraren ondoren, Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zen, bakeari eusteko mekanismo konplexuago batekin. Bigarren Mundu Gerraren bukaeran arma nuklearrak erabili izanak indar handia eman zion egungo bakezaletasunari. Gerra nuklear erabatekoa izateko arriskuaren aurrean, jende askok egin zuen bat higikunde bakezaleekin, arma nuklearrak deuseztatzeko eta saioak debekatzeko. 1970 inguruan, Asiako hego-ekialdeko gerrak milaka eta milaka pertsonen arbuioa eragin zuen mundu osoan. Horietako gehienek, baina, ez zuten gaitzetsi izango Bigarren Mundu Gerran parte hartzea.