Badura-Skoda, Paul
Austriar piano-jotzailea eta musikologoa (Viena, 1927). Pianoa eta orkestra zuzendaritza Vienako Kontserbatorioan ikasi zituen, eta Edwin Fischerren ikasle izan zen lehenbizi eta laguntzaile ondoren. Mozart, Haydn, Schubert eta Beethovenen lanak interpretatu ditu (azken horren sonata guztiak grabatu ditu). Pianoforteen bilduma egiten du, eta jo ere egiten ditu. Jörg Demusekin Mozart eta Schuberten lanak grabatu ditu lau eskutarako eta bi pianorako. Musikagile gisa, meza bat eta Mozarten eta Haydnen kontzertuetarako kadentziak idatzi ditu. Hitzaldi ugari eman ditu. Bi liburu idatzi ditu, Mozarten lanen pianozko interpretazioari buruzkoa bat (Eva bere emaztearekin), eta Beethovenen lanei buruzkoa bestea (Jörg Demusekin).