Badr, Liana
Palestinar idazlea (Jerusalem, 1950). Familia abertzale batean sortu zen, eta Jerikon hazi zen. Familiarekin batera Jordaniara ihes egin behar izan zuen 1967ko palestinarren kontrako erasoen ondoren, eta handik Beirutera, 1970ean. Jordaniako Unibertsitatean hasi zituen ikasketak, baina bertan behera utzi behar izan zituen. Geroago filosofiako eta psikologiako doktoregoak eskuratu zituen Beiruteko Arabiar Unibertsitatean, baina ezin izan zuen bukatu masterra, Libanoko gerra zela-eta. Boluntario gisa jardun zuen Palestinako emakumeen zenbait erakundetan, eta editore izan zen Al Hurriyya aldizkariaren kultura sailean. 1982az gero, palestinarrek Libanotik ihes egin behar izan zutenez gero, Damaskon, Tunisian eta Ammanen bizi izan zen, harik eta 1994an Palestinara itzuli zen arte. Literaturaren alorrean egindako lanaz gainera, Palestinako Kultura ministerioko zinemako sailaren buru da, besteak beste. Lehenengo eleberria, Konpasa eguzkilorearentzat, 1979an eman zuen argitara. Harrezkero kontakizun laburren bildumak eta haurrentzako bost liburu eman zituen argitara 1980-1991 bitartean. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Oro har, emakumearen, gerraren eta erbestearen gaiak erabili ditu bere idazlanetan. Estiloari dagokionez, oso estilo lirikoa erabiltzen du, eta ordu arteko palestinar eleberrigile errealisten moldeak hautsi zituen lehen eleberriarekin. Lehen aipaturiko eleberriaz gainera, azpimarratzekoak ditu Maitasun eta jazarpenezko istorioak (1983) kontakizun bilduma; Fakahani gaineko balkoia (1983), hiru eleberri biltzen dituen obra; Eguna nahi dut (1989); Ispiluaren begia (1991) eleberri epikoa, emakume palestinar iheslarien ahozko tradizioan oinarritua; Urrezko infernua (1991), eta Fadwa Touqan- kontatutako hitzen itzala (1996), Fadwa Touquan eleberrigilearekin izandako elkarrizketan oinarrituriko oroitzapen liburua.