Baer, Karl von
Estoniako sendagilea eta biologoa (Estonia, 1792 - Estonia, 1876). Alemaniako Königsberg-eko Unibertsitatean izan zen irakasle, eta bertan egin zituen aurkikuntzarik garrantzizkoenak. 1827an argitaratu zituen ugaztunen arrautzari buruz egindako ikerketak. Graff-ek mende bat lehenago zenbait folikulu aurkitu zituen ugaztunen arrautzetan. Harrezkero folikulu horiek arrautzak zirela uste izan zen. Baer-ek zakurraren folikulua ireki eta barruan arrasto txiki bat zegoela ikusi zuen mikroskopioaren bidez, berez arrautza zena. Behaketa horri esker argitu zen ugaztunen garapena beste animalienaren antzekoa zela. Arrautza hainbat ehunez osatuta dagoela azaldu zuen bere lanetan; ehun horietan organoak eratzen dira, hau da, organo bakoitzari ehun bat dagokio. Ornodun guztien enbrioiek oso antzeko garapena dutela baieztatu zuen, nahiz eta garapenaren bukaeran desberdinak izan oso. Darwin Baer-en ikerketetan oinarritu zen eboluzioaren teoria eratzeko.