Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ayyubiar

iz. eta izlag. Dinastia arabiarra, Egiptoko fatimiarrak (1171) eta Siriako atabek zingiarrak agintetik eraitsi zituena, Salah al-Din al-Ayyubik (Saladin), jatorriz kurdua zen sultanak, sortua. Saladinen garaian, ayyubiarren agintepean geratu ziren Tripoli eta Tigris, Hego Arabiaren eta Armeniaren arteko lurralde guztiak, gurutzaden ondorioz Jerusalemen egokitutako kristauen etengabeko mehatxu gertatu baziren ere. Saladin hil eta gero (1193), hiru semeen eta anaiaren artean banatu zen inperioa. Mamelukoek egotzi zituzten ayyubiarrak Egiptotik (1250) eta mongolek Damaskotik eta Alepotik (1260). Barneko ezinkonponduak zuzentzeko gai izan ez baziren ere, ayyubiarrak administratzaile onak, merkatari abilak eta eraikitzaile trebeak izan ziren. Erlijioari dagokionez, gartsu eutsi zioten sunismoaren ortodoxiari.