Avignongo antzerti jaialdia
Frantziako Avignon hirian urtero udan ospatzen den kultura jaialdia. ■ 1947ko 4tik 10era bitartean egin zen Avignongo lehen jaialdia, “Arte dramatikoaren aste” apala. 1951n alde bat utzia zegoen Herri Antzoki Nazionalaren (Théâtre National Populaire) zuzendari izendatu zuten Jean Vilar. Handik aurrera, hiru elementu horiek, Vilar, Avignon eta TNP izan ziren gerraondoko antzerkiaren elementu nagusiak. 1950-1960 bitartean Avignonen, Shakespeareren eta Corneilleren errege guztiak bere baitan zituela, milaka gazte bildu ziren bertara, erromesak bailiran. 1963an Vilarrek TNP utzi eta “bere” jaialdia antolatzeari heldu zion buru-belarri. 1964an antolatu zituen lehendabiziko “Avignongo topaketak”, kulturaren garapenari buruz. 1966an hilabetera luzatu zuen jaialdia eta antolakuntza aldatu zuen, TNPz gainera beste talde batzuei ere tokia egin zien eta baita dantzari ere, Maurice Béjarten eskutik. 1968an ia ehun mila pertsona izan ziren Avignonen. Urte hartan Vilarrek kulturaren munduan zeresana zuten guztiak bildu zituen kultura politika nolakoa izan zitekeen zehazten saiatzeko, baina Vilar bera salatu zuten. Vilarri egin zitzaion epaiketak aspaldiko eztabaida bat berpiztu zuen: antzerkiak ezin zuen, ezta Avignongo jaialdiaren esparru liberalean ere, diruaren boterea, sistema kapitalista, kultura goi mailako klaseen pribilegio gisa desegingo zituen jai erabatekoa izan. Jaialdiak beste zenbait aldaketa jasan zituen aurrerantzean. Paul Puaux, Vilarren jarraitzaileak Comédie-Françaiserekin batera teatro zuzendari berritzaileagoei ere tokia egin zien. 1969an antzerki musikala sartu zen. Horrekin batera, beste jaialdi bat garatuz joan zen “off”-ean, eta hainbat konpainia gazte aurki zitekeen edozein bazterretan. Antzerki-laborategiak sortu ziren alde guztietan. Jardunaldiek eta topaketek, erakusketek gero eta jende gehiago erakartzen zuten. 1969ko jaialdiarren ondoren Paul Puaux erretiratu egin zen eta Bernard Faivre d’Arcierrek hartu zuen haren tokia. Avignon aurkikuntza eta ustekabeen toki izan ordez beira-arasa bikain bihurtu zuela egotziko ote zioten beldurrik gabe, Frantziako eta atzerriko antzezleen gaina eta lorea eraman zuen jaialdira, konpainia gazteak ere bultzatuz eta ospea zekarten ekimenak aurrera eramanez (1982an, Vittorio Gassman bakarrik Aita Santuen jauregiko ohorezko patioan), eta bestalde, testu garaikideei, dantzari (Pina Bausch), bideoari, zinemari eta abarri ere tokia egin zien. Faivre d’Arcierrek toki berriak eskuratu zituen, gainera, jaialdirako, Saint-Louis erruki etxea, esate baterako. 1984an, hala ere, kargua utzi zuen eta Alain Crombecque etorri zen bere atzetik. Zedarri izan ziren 1985ean Peter Brookek aurkeztu zuen Mahabarata eta 1987an Antoine Vitezek aurkeztu zuen Le Soulier de satin. 1993an Bernard Faivre d’Arcier bere kargura itzuli zen. Gaur egun Avignongo jaialdia itzal handiko gertakizuna da.