Avedon, Richard
Estatubatuar argazkilaria (New York, 1923 – Texas, 2004). 20 urte zituela, filosofia ikasketak utzi eta argazkilaritzan hasi zen. Hurrengo urtean “Harper´s Bazaar” moda aldizkari ospetsuan plazaratu zituen bere argazkiak, eta 21 urterekin arras ezaguna bihurtu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren New Yorkek hartu zuen Parisen lekua modaren alorrean, eta Avedon izan zen aldaketa horren argazkilaria. Erretratua ongi menderatzen zuen arren –1959an Behaketak erretratu liburua argitaratu zuen, Truman Capoteren testuarekin–, nahiago zuen moda argazkia. Bere estiloa (librea, estudiotik kanpo, kale gorrian…) argazkilari belaunaldi baten eredu izan zen. 1950eko hamarkadan Parisera jo zuen, moda argazkiak egitera betiere. 60koan, berriz, estudio barruko argazkilaritzari ekin zion, eta horretan ere bere estiloa sortu zuen: fondo zuria beti, argi asko…). Hurrengo urteetan erabat aldatu zuen gaiez eta estiloz: bere aitaren heriotza argazkitan jaso ondoren, Far Westeko bizimodua desmitifikatzeari ekin zion (meatzari, langile eta langabeen argazkiak), eta Vietnamgo gerrak eragindako ondorioak jaso zituen (napalmak erretakoen argazkiak, psikiatrikoko gaixoak…).