Atzmon, Moshe
(Jaiotza izena, Groszberger). Hungarian jaiotako israeldar orkestra zuzendaria (Budapest, 1931). Biolontxelo ikasketak hasi zituen Budapesten, eta, Israela aldatu zenean bizitzera, tronpa eta piano ikasketei ekin zien, eta osorik egin zituen bi karrera horiek, Tel Aviv-eko Musika Akademian. Gero, orkestra zuzendaritza ikasketak egin zituen Londresen, Antal Dorati-ren gidaritzapean. 1963an, artean ikasketak amaitzeke zituela, bigarren saria eskuratu zuen New York-eko Mitropoulos lehiaketan, eta hurrengo urtean, lehen saria, Liverpool-eko Nazioarteko Lehiaketan. Egun hartatik aurrera, Europako orkestra nagusiak zuzendu zituen, zuzendari gonbidatu gisa. 1967an, Salzburgoko Jaialdira iritsi zen, Viena-ko Filarmonikoarekin. 1969an, Sydneyko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izendatu zuten, eta 1972 arte iraun zuen horretan. Harrezkero, Basileako eta Hanburgoko Irratiko orkestretan aritu da; baita Amerikar Sinfonikoan ere.