Arzallus Andia, Xabier
Gipuzkoar politikaria (Azkoitia, 1932). Euzko Alderdi Jeltzalekoa. Jesuita zela, Zuzenbide eta Filosofia ikasketak egin zituen. Alemaniara joan zen prestakuntza zabaltzera, eta, han, Lagundua utzi eta sarrera eskatu zuen Euzko Alderdi Jeltzalean (1968). 1969an, Bilbora iritsi eta alderdiarentzat lanean hasi zen, Juan Ajuriagerraren babespean. Euzkadi Buru Batzarreko kide bihurtu zen 1971n, eta handik aurrera gero eta indar handiagoa hartu zuen alderdi barruan. 1977an Espainiako Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten Gipuzkoan, eta Euzkadi Buru Batzarra utzirik, parlamentari bozeramaile izan zen Madrilen. Ajuriagerra hil ondoren (1978), EAJren Bizkai Buru Batzarreko eta Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari izateko hautatu zuten. Harrezkero, alderdiko zereginetan murgildu zen. 1980tik 1984ra eta 1987tik 2004ra Euzko Alderdi Jeltzaleko lehendakari izan zen. 2004an, hautaketa prozesu tirabiratsu baten ondoren, Josu Jon Imazek hartu zuen haren tokia alderdi barruan.