Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arabiar Emirerri Batuak

(Arab. Ittihad al-Imarat al-Arabiya). Arabiako penintsulako hego-ekialdeko estatua, 1971z geroztik independentea, Persiako golkoaren ertzeko bederatzi printzerrietako zazpik osatua: Abu Dhabi, Dubai, Sarjah, Ajman, Umm al-Qaiwain, Ras al-Khaimah eta Fujayrah. 83.600 km2 eta 4.588.4697 biztanle (2006, emirerribatuarrak). Hiriburua: Abu Dhabi. Mugak: iparraldean, Qatar, Oman eta Persiako golkoa; ekialdean, Oman; hegoaldean eta hego-mendebaldean, Saudi Arabia. Erlijioa: musulmanak, % 96; kristauak, hinduak eta beste batzuk, % 4. Hizkuntzak: arabiera (ofiziala), persiera, ingelesa, hindiera. Dirua: dirhama. Munduko lurralderik aberatsenetakoa da; petrolioa da bertako ondasun ia bakarra (mundu osoko ekoizpenaren % 10). ■ Ekonomia. Eskualde honetako ohiko ekonomia jarduerak basamortukoak ziren, nomadenak askotan: datilen bilketa, perlen arrantza, gamelu zaintza eta arrantza. Baina 1960ko hamarraldian, munduko petrolio eskualde nagusietako bat bihurtu zen (munduko erreserben % 10) eta petrolioaren industriak sortzen ditu lanpostu eta aberastasun gehienak. Arabiar Emirerri Batuak LPEEko (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) kide dira. 1990ean, Golkoko gerraren ondorioz atzerriko kapitalek alde egin zuten, baina berehala itzuli ziren eta Emirerrien ekonomiak gorantz jarraitu zuen. Harrezkero, nabarmen aldatu da herrialdearen egoera, eta Europako mendebaldeko herrialdeetakoen antzeko biztanleko errenta du gaur egun. Gobernua beste diru iturri batzuk sendotzeko ahaleginak egiten ari da, petrolio erreserba mugatuekiko mendekotasunetik askatzeko, eta indar handia hartzen ari da turismoa. ■ Historia. Gaur egun herrialdea osatzen duten emirerriak Erresuma Batuaren babespeko lurraldeak izan ziren1852tik aurrera. 1971n independentzia lortu zuten gaur egun herrialdea osatzen duten zazpi emirerrietako seik, eta, bat eginik, gaur egungo estatua osatu zuten. Emirerri Batuetako zazpi estatuek zeinek bere erregea dute, eta Soberanoen Batzorde Nagusian biltzen dira guztiak; batzorde horretan hautatzen dira presidentea eta presidenteordea. 1981. urtean Emirerri Batuek Golkoko Estatuen Kooperazio Batzordean parte hartu zuten. Emirerri Batuek Irak babestu zuten Iranen kontrako gerran, baina beldur ziren Iranek petrolioaren bidea blokeatuko ote zien. 1982an defentsazko hitzarmen bat izenpetu zuten Saudi Arabiarekin. Iran-Irak gerran (1980-1988) aurrekontuaren % 60 defentsarako erabili zuten. Hala ere, saiatu dira nolabaiteko neutraltasuna gordetzen eta Iranekiko petrolio eta merkataritza harremanak mantentzen. Irakek Kuwait inbaditu zuenean (1990eko abuztua) Emirerriek babesa eman zieten kuwaitar iheslariei, eta baita frantses eta britainiar gudarosteei ere. Golkoko gerran (1991) bai diruz bai gudarosteak bidaliz haurtu zuten parte. Dena dela, parte-hartze horren ondoriozko ekonomiaren ahultzeak ez zuen luzaro iraun. Emirerri Batuen barruko bizitza politikoari dagokionez, fundamentalismo islamiarrak indar handia hartu du azken urteetan, eta lege islamiarra ezarri da orain arte epaitegi zibilen esku zeuden zenbait alorretan.
http://www.government.ae/gov/en/index.jsp