Saudi Arabia
Arabiar penintsulako estatu handiena. Euskal Herria baino ehun aldiz handiagoa, egungo mugak Abd al-Aziz ibn Saud erregearen agintaldian finkatu ziren (1932). Hegoaldeko mugak direla eta, Saudi Arabia eta Yemen, Oman eta Arabiar Emirerrien arteko liskarrak ugari izan dira. 1.750.000-2.200.000 km2 (iturrien arabera) eta 14.131.000 biztanle (1990ean). Hiriburua, Riad. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Erlijioa: islama, sunitak. Dirua: riala. Hiri nagusiak: Abqaiq, Anayza, Burayda, Damman, Dharan, Djeddah, Hufuf, Medina, Meka, Ras Tanura, Taif.
v Orografia. Lau eskualde natural dira. 1) Mendebaldeko kostaldeko ordoki hareatsua, Hedjaz mendilerrotik Ipar Yemenaino ipar-hegoalde luzatzen dena. 2) Erdialdeko basamortu mendiek osaturiko Nedjid lurraldea, hainbat oasiz hornitua. Haren ekialdean, Riad Saudi Arabiako hiriburu modernoa. 3) Hassa lurraldearen alderik handiena hartzen duen 500 km-ko ordokia, Persiako Golkoko itsasertzeraino zabaltzen dena. 4) Nedjd-ek banatzen dituen bi basamortu handi: Nafud Handia, iparraldean; Rub al-Khali hegoaldean, Yemen eta Omango lurretan ere sartzen dena. Lau lurralde nagusi hauei, baterako ustiapenaz balia daitezkeen bi alde neutral erantsi behar zaizkie: Irakekin bata (7.000 km2) eta Kuwaitekin bestea (5.800 km2).
v Hidrologia. Ur ibilguak (Arab. wadi) galdu egiten dira hare eta sakonuneetan. Wadi garrantzitsuenak: Al Rumma (Anayza eta Burayda, Nedjd), Al Dawassir (Rub al-Khali), Al Sirhan (Jordaniako mugan, iparraldean) eta Hamdh (Medina-Itsas Gorria). Ur hornidurak leku berezia hartu du betidanik Arabiako gobernuaren kezka nagusien artean (itsas ura gezatzeko lantegiak Dhiba eta Wajh hirietan; ureztatze lanei begira, eguzki energia ekoizteko proiektu berezia Riad hiriburuan).
v Ekonomia. Beduino nomaden jarduera ekonomikoa gamelu, ardi eta ahuntz aziendetan oinarritzen da. Behi eta asto azienda askoz ere murritzagoa da. Arabiako zaldiak desagertzear daude, ehiztariek ia erabat kalitu dituzten basamortuko basa abereak bezala. Laborantza, bestalde, ur eskasiaren mende dago: gizakiak berak ureztatu behar izaten ditu lursailak (fruitu arbolak eta, batez ere, oasietako datilondoak; labore eta barazki urriak; kafea, hegoaldean, eta goma arabiarra). Meatze urriak, industria eskasa eta eskulangintza oso zabalduta dagoelarik, Saudi Arabiako aberastasun handiena petrolioa da, ezbairik gabe: 1933. urtean aurkitu zutenetik, Arabia izan da munduko petrolio ekoizle handienetakoa, Ekialde Hurbileko lehenengoa. Aramco konpainiak (Arabian American Oil Company) ustiatzen du, monopolioan, Arabiako petrolio ia guztia (gobernuak, akzioen % 60). Berak eraiki zuen Tapline petroliobidea (Trans-Arabian Pipeline), Saudi Arabia, Jordania, Siria eta Libanon barrena, Mediterraneoa jo arte (Saida). Petrolioa garraiatzen da, orobat, Persiako Golkora (Ras Tanura eta Bahrein uhartedia) eta Itsas Gorrira (Djeddah hiriko findegiak). Wahhabiarren erlijioaren hertsiak guztiz bakarturik utzi zuen Saudi Arabia, estatuak petrolioari esker jasotzen baititu diru sarrera guztien % 80.
v Merkataritza. Petrolioari esker betiere, aldeko komertzio balantzea du Saudi Arabiak. Petrolio eta datilak esportatzen ditu, baina zernahi motatako produktuak inportatzen ditu mendebaldeko herri kapitalistetatik. Arabiarrek hiri santuetara egiten dituzten pelegrinazioek osatzen dute turismo jarduera nagusia. n Garraiobideak. Persiako Golkoa eta Itsaso Gorria lotzen ditu bide nagusiak, Riad hiriburuan barrena (1.200 km). Beste errepide batzuk zabaltzen dira mendebaldean nahiz ekialdean. Burdinbide bakarrak Riad eta Persiako Golkoaren ertzean dagoen Damman hiria lotzen ditu.
v Historia. Saudi Arabiako egungo mugak 1932. urtekoak dira, Abd al-Aziz ibn Saud erregeak (1902-1953) ezarriak. Wahhabiarren sektako partaidea zen: Koran liburu santuaren irakurketa hertsi eta murritzena egiten duen dotrina honen arabera, ez da bidezkoa berrikuntza eta aldakuntzei ekitea. Halaz ere, gatazka zibilei amaiera emateaz gainera, nomadak leku jakinetan finkatzea bultzatu eta aginpide zentral indartsua ezarri zuen. Petrolioa aurkitu eta gero eskuratu zituen dirutza ikaragarri handiez baliatuta, erabateko kudeatze patriarkal eta autoritarioa bideratu zuen bere erreinaldian. Halaz ere, Saud semea eta ondorengoak gobernu, administrazio eta banka sistema modernoa antolatu eta, nazioarteko harremanetarako, zerbitzu diplomatikoa eratu zuen. Sistema judizialak ez zuen aldaketarik izan ordea. 1964an, haren anaia Faisal izendatu zuten errege, Arabiako egoera larria izaki, Saud-ek eginiko diru xahutze izugarriak medio. Autoritarioa eta anaia baino zuhurragoa izaki, esklabotza kendu zuen, baina ez zuen inolako konstituziorik aldarrikatu nahi izan. Kontserbadorea, bortizki zapaldu zituen haren kontrako aurkatasun txikienak ere eta aurre egin zion, adore biziz, sozialismo arabiarraren eraginari. Kairo eta Siria nahiz Irakeko Baas-en panarabismoari Estatu Batuen aldera lerratutakoen panislamismoa kontrajarri zion. Nasser-en aurka agertu zen Yemengo gerra zibilean (1962-1970). Arabiako penintsulako balore kontserbatzaileen zaindari, Hego Yemengo erregimen ezkertiarra kontrolatu eta Dhofar-eko (Oman) gerrilla aurrerakoiari bidea eragotzi zion, ingelesen laguntzaz. Iloba batek hil zuen 1975ean. Khaled anaiordea zazpi urtez aginpidean egon ondoren, Faisalen anaia Fahd-ek hartu zuen agintea (1982). 1978an, Saudi Arabiak eten zituen Egiptorekiko harremanak, finantza laguntzarik gabe utziz, israeldar eta egiptoarren arteko hitzarmenen ondoren. Oro har, ordea, saudiarren politika ez da aldatu: diktadura gogorra barnealdean eta Estatu Batuen interes inperialisten zerbitzari leiala nazioartean. 1990-1991.urteetan, Saudi Arabia izan zen Estatu Batuek eta mendebaldeko potentziek izan zuten zerbitzaririk zintzoena, Kuwait inbaditu zuen Irakeko armadaren aurkako gerran.