Arabia
(Arab. Jazirat al-’Arab, “Arabiarren uhartea”) Asia hego-mendebaldeko penintsula handi zabala. Mugak: Jordania eta Irak, iparraldean; Akaba Golkoa eta Itsaso Gorria, mendebaldean; Persiako Golkoa, ekialdean. 3.000.000 km2 eta 15.000.000 biztanle inguru. v Banaketa politikoa: Saudi Arabia, Kuwait, Yemen, Qatar, Arabiar Emirerria, Oman Sultanerria eta Bahrein uhartedia.
v Historia. 1) Islam aurreko Arabia. K.a. IX. mendeko testu akadiar eta hebrearrek Mesopotamiako basamortuan, gaur egun Arabia denaren ipar-mendebaldean kokatzen dute Aribi, Arabu, Arubu (akkadiarrek) eta Arab (hebrearrek) deituriko herria. Geroago, guduak galdu arren beti matxinadetan aritzen ziren arabiarrak aipatu zituzten asiriarrek beren kroniketan. Persiak nolabaiteko eragina izan zuen arabiarrengan: Xerxesen armadako gudarien artean arabiarrak ere baziren (K.a. 481). Arabiaren iparraldean egokituriko herriek (hebrearrak, babiloniarrak, persiarrak) antzinako ekialde klasikoari begira bizi behar izan bazuten ere Arabia hegoaldean bizi ziren semita herriek zibilizazio arras berezia ezagutu zuten. K.a. testu hebrear batek ematen du Sabako Estatu baten berri. K.a. 24an, Augustok Egiptoko gobernaria igorri zuen lurralde haiek konkistatzera. Hego Arabia nekazaritzako teknika aurreratuei esker (ureztatze teknikak eta terrazamenduak) lorturiko gaiez bizi zen, baina gainerako arabiar lurraldeetako bizimodua zeharo bestelakoa zen. Beduino nomadak azienda hazkuntzatik bizi ziren eta oasietan laborantza eta azienda hazkuntzaz bizi ziren taldeak nomaden razzien mendean zeuden. Hauez gainera, Mesopotamia, Siria eta Palestina inguruko lurraldeetan ere bizi ziren arabiarrak. Arabiako Nabatene erreinua (Petra, hiriburua) erromatarren aliatua izan zen. 106. urtean, Trajanok bereganatu eta Arabiako probintzia eratu zuen. III. mendearen bukaeran, lakhmidak Siriako basamortuan nagusitu ziren, erromatar eta sasanidekin aliatu, eta Bizantziotik egotzitako nestoriarrak onartu zituzten. Beste dinastia bateko arabiarrak, gasanidak, Bizantziorekin aliatu eta kristau monofisita bihurtu ziren. Islama sortu zen garaian, politeismo arabiarraz gainera, kristautasun monofisita, kristautasun nestoriarra eta judaismoa ziren Arabiako penintsulako erlijioak. 2) Islam garaia. VII. mendean, Mahomak Arabiako tribu guztiak batu zituen Medinako estatu musulman berriaren inguruan. Laugarren kalifa izendatu ondoren piztu zen gerra zibilaren garaitik aurrera, penintsulatik kanpora lerratu zen arabiar aginpidea. Mendebaldeko Arabiako gobernariak Medinan eta Mekan aukeratzen zituzten eta ekialdekoek Basoran zuten egoitza. Medina eta Meka hiri santuak ziren garai hartan arabiarren erlijio eta kultura gune nagusiak. Dinastia abbasiarraren garaian, Bagdad izan zen Arabiako hiri nagusia. Arabian barne gatazka handiak izan ziren ordea: ibadiarrek lau mendez burujabe izan zen erresuma eraiki zuten Omanen. IX. mendean, berebiziko propaganda lana egin zuten kalifen aginpidea zalantzan jartzen zuten Ali-ren aldekoek. X. mendean, qarmate ismailiarren matxinada Arabian barrena zabaldu zen, eta beste hiriburu bat eraiki zuten (al-Ahsa). X. mende erdialdetik aurrera indartu zen Mekako aginpidea, sharif titulua harturik. Hainbat dinastiek izan zuten, mendeetan zehar, sharif kargu hori: fatimiarrak, seljukiarrak, ayyubiarrak, mamelukoak. Yemenen, aginpide askeari eutsi zioten rasuliarrek (1228-1446) eta, 1506. urtean, Sharaf al-din Yahya-k gure egunetara iritsi den zaidiarren Imam dinastia sortu zuen. Selim I.ak Egipto konkistatu ondoan (1517), Turkiako otomandarren mende gelditu zen Arabia. 3) Mugimendu wahhabiarra eta Bani-Sa’udiarrak. (XVIII-XX. m.). XVIII. mendean, islam aratz eta garbi baten alde jardun zuen Muhammad ibn Abd al-Wahhab garbizalearen dotrina izugarri zabaldu zen Arabian. Aldaketa garrantzizkoak izan ziren Arabian. Muhammad ibn Saud dotrina honen aldeko gartsua bihurtu zen eta haren semeak Meka hartu zuen 1803an, bertako sharifa egotziz eta saudiar wahhabiarren aginpidea Arabia osora zabalduz. Sultan otomandarrak Muhammad Ali, Egiptoko paxa-ri, agindu zion saudiarren matxinada iraungi zezan, eta saudiar estatua ezartzeko lehen saioak porrot egin zuen. Wahhabiarrek eta saudiarrek Arabia erdialdera jo behar izan zuten babes bila. XIX. mendeko lehen erdialdean hasi zen Europaren kolonialismoa penintsulan zabaltzen. Britainiaren kolonia bihurtu zuten Aden 1839. urtean. Hegjaz, Arabia mendebaldeko lurraldea baizik ez zen otomandarren esku gelditu. XX. mendearen hasieran, Abd al-Aziz saudiarrak mugimendu wahhabiarra berrantolatu zuen, erakunde militar oso ongi prestatuak eratuz. Lehen Mundu Gerran, ingelesak saudiarrez eta Mekako sharifaz (Husayn ibn ‘Ali, haxemita) baliatu ziren turkiarrei aurre egiteko. Geroago, ingelesek Husayn sharifari eutsi eta Arabiako errege eta kalifa (1924) izendatu zuten. Abd al-Aziz ibn Sa’ud-ek ez zituen, ordea, armak utzi: Asir herrialdea hartu zuen (1920) eta, Nadjd basamortu eremu handiaren jabe egin ondoren, Hedjaz erasotu zuen: Meka eta Djeddah hiriak 1925ean hartu zituen. 1932an Saudi Arabia erreinuaren sorrera aldarrikatu zuen.