Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

arabiar

iz. eta izlag. Arabiako penintsulan bizi diren herri bateko kideez esaten da, eta, hedaduraz, Ekialde Hurbil (Irak, Siria, Libano, Jordania) eta Ipar Afrikako (Egipto, Sudan, Libia, Tunisia, Aljeria, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania) biztanleria arabieradunetakoa. Etnia honen ezaugarri nagusia hizkuntza da, arabiera, dialekto ugaritan banatua agertzen dena. n K.a. X. mendetik ezagutzen dira arabiarrei buruzko lekukotasunak, Arabiako penintsulan. Siria eta Palestina alderako migrazioak aspaldian hasi baziren ere, islama nagusitu arte (VII. m.) ez ziren arabiarrak hasi hurbileko eta harantzagoko lurrak konkistatzen. Ordutik hona, herri asko islamiartu eta arabiartu da. Hizkuntza asko desagertu da, aginpide arabiarraren eraginaz, VIII. eta XIV. mendeen artean (arameiera, koptoa, siriera, berberiar dialekto zenbait). Arabiera nagusitu zen hasiera hasieratik liturgia, administrazio eta jakintza hizkuntza gisa. Kultura arabiar-musulmanaren garapenean berebiziko garrantzia izan zuten persiarrek ere neke handiak izan dituzte berezko hizkuntzari eusteko, unean uneko egoera politikoen gorabeheran.  v  Arabiarrek, 95 milioi egun, ez dute arraza bakarra, besteetatik bereizia, osatzen: ezaugarri etnografiko eta soziologiko komunak dituzte beste etnia askorekin. Egungo batasun kontzientzia turkiarren nagusitasunaren aurkako borroka urte luzeetan mamitu bazen ere (XVI-XIX. m.), egungo kultura eta politika XIX-XX. mendeetako kolonialismoaren kontrako jardun etengabean sustraitu da.  v  Arabiar zifra. Arabiarrek Europan zabaldu zituzten zifretako bakoitza: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 0. Gaur egun ia mundu osoan erabiltzen dira. Indian asmatu ziren VI. mende inguruan.