Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

arabiera

iz. Arabiar herrien (Asia Mendebaldekoa eta Ipar Afrika) hizkuntza ofiziala eta mundu musulmanaren erlijio hizkuntza. Arabiera hegoaldeko hizkuntza semitikoa da. Arabiera klasikoak Arabian islamaren aurretik mintzo ziren dialektoen arteko literatura koine-an du jatorria. Musulmanen konkistei esker, Iraketik Marokoraino zabaldu zen hizkuntza hau, tokian tokiko hizkuntzak baztertuz eta egun estatu hauetan ageri diren dialektoen oinarria delarik. Lurralde hauetako guztietako hizkuntz substratu desberdinek eragin handia izan dute dialekto hauen osaeran, gaur egun ageri diren arabiar dialektoek bereizkuntza lexiko eta fonetiko nabarmenak azaltzen dituztelarik elkarren artean. Dialekto hauetako bakar batek ere ez du, ordea, ofizialtasun maila erdietsi. Oinarrizko hiztegia, morfologia eta sintaxia dira arabiera batu edo klasikoaren ezaugarri nagusiak, Koran liburu santuaren hizkuntz ardatzei segituta betiere. Arabiera Koranari esker nagusitu bazen ere, egun bertan agertzen den lexikoaren zati garrantzitsu bat zaharretsiz, neologismo ugariz jantzi da gaurko arabiera; hortik dator klasiko eta modernoaren artean egin ohi den bereizkuntza.  v  Idazkera. Arabieraren idazkera, nabatear ipar semitek erabiltzen zuten alfabeto zirkularraren ondorengoa da, islamaren hastapenetan egun ezagutzen diren formak zehaztu zituena. Beste hizkuntza batzuek ere erabili izan dute eta erabiltzen ere alfabeto hau: persiera, urdu eta turkierak (latinoak ordezkatu zuen 1928an) eta, gutxiago, berebiar eta siriar hizkuntzek. Sistema honetan, eskuin ezker idazten da eta, kontsonanteekin batera, bokal luzeak baizik ez dira adierazten. Gainerako bokalak Koran, liburu zahar eta eskola testuetan ageri dira soilik.