Araba
Euskal Herriko hego-mendebaldeko herrialdea, egun Espainiako Estatuaren barneko Euskadiko Autonomia Erkidegoko partaidea eta, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin batera, Euskal Herria osatzen duen herrialdea. 3.047 km2 eta 305.822 biztanle (100,7 biztanle km2-ko, 2006an). Hiriburua: Gasteiz. Hiri nagusiak: Laudio, Amurrio, Agurain, Biasteri, Bastida. Mugak: Bizkaia eta Gipuzkoa, iparraldean; Burgos Gaztelako probintzia espainiarra, mendebaldean; Rioja autonomia erkidegoa espainiarra, hegoaldean eta Nafarroa autonomia erkidego euskalduna, ekialdean. Eskualde arabarra izan arren, herrialdeko hego-erdialdean ageri den Trebiñuko Konderria (260 km2) Burgos probintziaren administrazioaren mende dago. Herrialdeko ipar-mendebaldean dagoen Orduña udalerria, aldiz, Bizkaiaren administraziopean dago. v Orografia. Hiru mendilerro nagusik zeharkatzen dute, ekialdetik mendebaldera, Araba: iparraldean, Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan, Alabarain, Aratz, Arantzazu, Arlaban, Anboto eta Gorbeia (gailurrik altuena, 1.475 m) mendialdeak hedatzen dira. Erdialdean altxatzen dira, Nafarroatik datozen kateei jarraia emanez, Urbasa, Andia, Entzia, Iturrieta, Gasteizko mendiak eta Argantzon mendiak. Hegoaldean, azkenik, Kodes, Izkiz, Kantauriko Mendikatea, Toloño eta Buradon aldeko mendiak zabaltzen dira. Ipar-mendebaldean ageri diren Kantaurialdeko haranak (Arabako Kantaurialdea, Nerbioi harana, 328 km2) sakonak dira, Bizkaia eta Gipuzkoakoen antzekoak. Gorbeia eta Elgea mendilerroetatik hegoaldera zabaltzen da Arabako Lautadak, 785 km2-ko hedadura duen eremu laua (525 m), Gasteiz du hiri nagusi. Gasteiztik hegoaldera, berriz, Arabako Mendialdea ageri da (487 km2) Kanpetzu, Kodes, Kantauriko Mendikatea eta Gasteizko Mendien artean. Kantauriko Mendikatearen hegoaldean hedatzen da Arabako Errioxa (316 km2). Araba mendebaldeko haranak (Añana, 648 km2), urak Ebro ibaian isurtzen dituzten adarrek osatuak dira. v Hidrologia. Arabako ibai garrantzitsuenek Mediterraneo aldera jotzen dute (2.600 km2; Ebro eta beronen ibaiadarrak: Omecillo, Baia, Zadorra, Ayuda, Inglares, Ega eta Burunda). Kantauri aldera jotzen duten ibaiek askoz ere hedadura txikiagoa hartzen dute (380 km2; Aramaio [Deba], Altube [Nerbioi], Izoria [Nerbioi], Llanteno [Kadagua] eta Artziniega [Kadagua]). Uren banalerroa Araia, Elgea, Altube, Gujuli, Urduña eta Salbada mendikateetatik igarotzen da. Arabak ez du aintzirarik, Arreo aintzira txikia izan ezik. Gasteiz eta Bilbo Handia urez hornitzen dituzten Zadorrako urtegi artifizialek, bestalde, guztiz paper garrantzitsua izan dute herrialdearen garapenean. v Klima. Bi eskualde nagusi bereiz daitezke Araban, klimatologiari dagokionez: herrialdeko iparraldean klima ozeaniko epela nagusi den bitartean, hegoaldera joan ahalean molde mediterranear eta kontinentalak nagusitzen dira. Era berean, euriteak urritu egiten dira hegoaldean (828 mm bataz beste, Gasteizen). Neguak hotzak eta hezeak dira; udako tenperaturak askoz ere altuagoak izan ohi dira. Errioxako ezaugarriak erabat kontinentalak dira: negu hotzak, uda beroak eta euri-ur kopuru eskasa. v Landaredia. Klimatologiaren arabera, hainbat landaretza molde ageri dira Araban: iparraldean nagusi dira Atlantikoko landare motak (haritza, pagoa, gaztainondoa) eta, azkenaldi honetan ugaldu den pinus insignis delakoa. Ekialdeko eta erdialdeko mendietan harizti eta artadiak ageri dira behe aldeetan; pagadiak eremu gorenetan. Gainerako lurraldeetan landaretza mediterranearra (artea) nagusitzen da, nahiz bitarteko eremuetan ametzak ageri diren. ■ Biztanleria. Azalerari dagokionez EAEko lurralde handiena izan arren, biztanle gutxien eta dentsitate txikiena duen lurraldea da oraindik ere. Halere, azken hogei urteotan Araba da biztanletan hazi den EAEko lurralde bakarra. 1980tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan –eta, horrenbestez, EAEn– biztanleriak behera egin badu ere, Araban etengabe hazi da biztanle kopurua urtez urte. 1981ean, esaterako, 257. 860 biztanle zituen Arabak. Beraz, EAEren guztizko azaleraren % 42 hartu arren biztanleen % 14 inguru baino ez zituen lurralde honek, eta batez besteko biztanle-dentsitatea ere txikiagoa zen Araban, EAEkoarekin alderatuz gero: 294 biztanle km2-ko EAEn, eta 100, Araban. Nolanahi ere, biztanleria ez dago batere orekatua Araban, Gasteiz hiriburua barne duen Arabako Lautada eskualdean bizi baita arabarren erdia: 244.174 biztanle, 2006an. Biztanleriaren banaketa desorekatu honen ondorioz, Arabako Lautada EAEren batez bestekotik gora dago, biztanle dentsitateari dagokionez (311 biztanle km2 bakoitzeko), baina beste eskualde batzuk erdi hutsik daudela esan daiteke, Arabako Mendialdean, adibidez, 6,5 lagun baino ez baitira bizi km2-ko. Gasteiz hiriburuak eta horren inguruan hazi diren udalerriek eragin dute, beraz, Arabaren hazkunde demografikoa. Hiriburuaren ondorengo udalerririk jendetsuena, Laudio, herri ertain baino ez da 20.000 inguru biztanlerekin. Biztanleriaren egitura demografikoari dagokionez, Araba EAEko batez bestekoa baino zertxobait gazteagoa da, alde txikiz bada ere; 65etik gorakoak guztizkoaren % 16,7 dira (% 18,6 EAEn). ■ Euskararen bilakaera. EAEko gainerako lurraldeetan bezalatsu, aurrera egin du euskarak Araban azken urteotan, eta aurrerapen hori nabarmenagoa izan da, gainera, Araban –Aramaio inguruan izan ezik– euskara berez ia desagertuta zegoela kontuan izanez gero. 2006ko datuen arabera, era guztiz nabarmenean zen nagusi gaztelera Araban, biztanleen erdiak baino gehiago erdaldun elebakarrak baitziren. Hala eta guztiz ere, 1996an bi urtetik gorako arabar guztien % 14,6 euskalduna zen, eta ia-euskalduntzat zuen bere burua antzeko kopuruak, eta handik hamar urtera %25ekoa zen kopuru hori. Atal honetan ere, nabarmena da Arabako Lautadak eta hiriburuak duten garrantzi demografikoak batez bestekoa finkatzerakoan duten eragina. Nolanahi ere, Gorbeia inguruko eskualdea da oraindik ere Arabako eskualde euskaldunena, bertakoen % 37,4 euskaldunak baitziren 2001ean. Euskarak Araban egin dituen aurrerapausoak zerikusi zuzena dute hezkuntzan izan duen hedapenarekin. 1999-2000 ikasturtean, esaterako, unibertsitatez kanpoko ikasleen ia erdia (% 47) D eta B ereduetan ari zen ikasten Araban; 2006-2007 ikasturtean, % 60tik gora ziren. Gainerako lurraldeetan bezalatsu, derrigorrezko hezkuntzaren lehen mailetan hortik gorakoetan baino nabarmenagoa zen euskarazko ereduen presentzia. ■ Ekonomia. Ekonomiari dagokionez, erabat aldatu da Arabaren egitura XX. mendearen bigarren erditik aurrera. Oraindik ere, Bizkaian eta Gipuzkoan baino garrantzi handiagoa du lehen sektoreak Araban, baina –batez bestekoari erreparatuz gero– jarduera ekonomiko marginala dela esan liteke (BPGaren % 2 baino ez, 2004an). Arabaren egitura ekonomikoa industrian eta, batez ere, zerbitzuetan oinarritua da. EAEko batez bestekoarekin alderatuta, Araban aberastasun proportzional gehiago sortzen du industriak Bizkaian eta Gipuzkoan baino, nahiz eta tradizionalki guztiz alderantzizkoa izan egoera. Aldagai honetan ere, ordea, Arabako Lautadak eta Gasteizek duten eragina aipatu behar da egitura ekonomikoa aztertzean, egoera ez baita bateragarria eskualde guztiak aintzat hartuz gero. Zerbitzuei dagokienez, bestalde, esan beharra dago EAEren erakundeek egoitza Gasteizen izateak asko aldatu duela sektore horrek jarduera ekonomiko orokorrean duen garrantzia. Bestalde, Arabaren bilakaera ekonomikoari ezaugarri bereziak eman dizkio lurraldearen industrializazio berantiarrak. Azken urteotan eduki teknologiko eta balio erantsi handiko industria ezarri da Araban, puntako sektoreei lotua kasu askotan –automozioa, aeronautika…– eta kanpo inbertsio handiak erakarri dituena. Hori dela eta, enpresa gutxi batzuen inguruan –eta horiek eragin duten industria osagarrian– gauzatzen dira produkzio nagusiak; ehun ekonomikoak espezializazio handia lortu du, baina enpresa gutxi batzuekiko mendekotasun handia ere badu. Atalik garrantzitsuenak automozioa, aeronautikarako osagarriak eta hodi eta profilak dira. 2007. urteko lehen hiruhilekoan, % 15,4 hazi ziren Araban esportazioak aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta ekoizpen industriala ere % 10,4 handitu zen, espainiar estatuko eta EAEko batez bestekoaren gainetik. Egitura ekonomiko horren ondorioz, 2007ko aurrerapenen arabera, EAEren batez bestekoaren eta gainerako herrialdeenaren gainetik egon zen Araba, biztanleko Barne Produktu Gordinari dagokionez (35.960 €). Hainbat urtez, Bizkaiak eta Gipuzkoak gogor jasan zuten krisialdi industrialak Araban eragin arinagoa izan zuenez, langabezia tasetan Bizkaia eta Gipuzkoakoen azpitik egon da Araba (2005. urtean, % 3koa zen Arabako langabezia tasa, eta % 5 ingurukoa EAEkoa), baina, 2008az gero, atzeraldi orokorraren ondorioz, joera hori aldatzen ari dela erakusten dute azken datuek. ■ Arabaren garapen industrialak eragin zuzena izan du Arabako azpiegituretan. Euskal Herria mesetarekin lotzen duen N-1 errepideak zeharkatzen du Araba, eta horrek beti izan duen garrantzia areagotu egin da errepide honek azken urteotan izan duen hobekuntza nabarmenei esker. Horrez gainera, gehienbat Gasteiz inguruko industrialdeetan kokatuta dauden industrien ekoizpenari irteera egokia emateko Gasteizko Garraio Zentroa sortu da, Jundizko Industrialdean. Zentro horrek garraioarekin zerikusia duten arlo guztiak biltzen ditu: biltegiak, banaketa, aduanen eta sotcken kudeakea… Nazioarteko trenetako zama-terminala ere badu. Industriari lotutako garraio-azpiegiturei dagokienez, aipagarria da Gasteiz-Forondako aireportua, EAEk dituen hiru aireportuetan berriena eta merkantzia garraiorako bereziki prestatua. Gaur egungo hegazkinik handienak hartzeko gai da Foronda eta, esan bezala, karga-aireportua da bereziki, Espainiar estatuko laugarrena garraiatutako merkantziari dagokionez. v Historia. Arabako biztanleriari buruzko lehen aipamen historikoak K.a. I. mendekoak diren arren, Paleolitos Arotik aurrera tribu egonkor batzuek jendeztatu zuten egungo Araba. Bi kultur molde nagusi bereiz daitezke talde hauek utzitako arrastoen artean: mendebaldeko kultura atlantikoa eta mediterranearra. K.a. VII. mendetik aurrera, Europako erdialdetik oldean etorritako herri batzuk egokitu ziren Araban nahiz, kulturaz aurreratuagoak izanagatik, erabat ez ziren nagusitu. Herrialdeko hegoaldean (La Hoya, Errioxa), zibilizazio zeltiberiarra guztiz errotu zen. v Nolanahi ere, garbi dago Araba, euskalduna izateaz gainera, era askotako kultura eta zibilizazioak elkarrekin topo eta bizi izan ziren herrialdea izan dela Neolitos Arotik aurrera. Araban elkartzen ziren autrigoiar, karistiar eta barduliar tribu euskaldunak (Trebiñu, Trifinium, «Hiru mugak»). Utzitako arrastoen arabera, erromatarren eragina biziagoa izan zen Araban (Iruñako herria), Gipuzkoa edo Bizkaian baino. Nafarroa bezala (Saltus Vasconum, mendialdea, eta Ager Vasconum, erribera), Araba laua erosoagoa izan zen haientzat. Araba eta Nafarroatik igarotzen zen Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) galtzada. K.a. IV. mendetik aurrera tribu euskaldun guztiak baskoi izenaz aipatzen hasi ziren kronikariak. v Erdi Aroko Araba. IX. mendean ageri da lehenengoz Araba (Cronica Abbeldensis). Betiere konderri bezala, Araba Gaztela eta Nafarroako erregeen mende egon zen, 1200ean Alfonso I.a Gaztelako erregeak Gasteiz eta Trebiñu konkistatu ondoan, Arabako lurraldea Nafarroako erregeen eskuetatik kanpora geratu zen arte. 1332. urtean, Araba osoa Gaztelako koroaren pean geratu zen. Errege bati loturik ere, Arabak eutsi zien bere erakundeei, nahiz Gaztelako erregeek etengabe bortxaturiko murrizketek aldaketa nabarmenak eragin zituzten. Gizarte egiturei dagokionez, maila altuenetako ordezkariek (aitonen semeek, eliz jendeak eta laborari libreek) osatzen zuten Arriagako Anaidia, Arabako lurren jabea. Jabego honetatik kanpora egon ziren beti, Nafarroa nahiz Gaztelako erregeek fundaturiko hiribilduak. Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, arabarrak ez ziren berez handiki, baizik eta odolez edota meritu militarren ondorioz. Hiribildu (Trebiñu, 1191; Biasteri, 1164; Gasteiz, 1181; Bernedo, 1182; Agurain, 1256; Legutio, 1333; …) eta Anaidien arteko gatazkak etengabeak izan ziren. 1200 eta 1332 urteen artean, Gaztelako erregeak hiri berrien zabaltze beharrez baliatu eta Anaidiari kendu zizkion eremu eta herrixka ugari. Prozesu honi ezin aurre eginik, Alfonso XI.a Gaztelako erregearen esku utzi zituen Anaidiak Araban zeuzkan lurralde guztiak. 1332. urtea zen: Araba osoa Gaztelako erregeen mendean. Arabako eskualde batzuek, ordea, gorabehera zenbait izan zuten: Laudioko harana, Arriaga Anaidiako partaide izan ondoan, Gaztelako erregearen esku gelditu bazen ere (1332), Bizkaiko lurralde bihurtu zen 1394etik aurrera, Aiarako etxea buru zuela. 1491. urtean, Gaztelako Errege Katolikoek Araban sar erazi zuten berriz ere, bertako biztanleek hala eskatuta. Aramaioko Harana: Araba eta Bizkaia arteko mugan dagoelarik, Laudiokoaren patu berbera bizi izan zuen. 1489. urtean bihurtu zen Arabako partaide berriz ere. XV. mendean, Miranda, Pancorbo, Saja, Villalba eta Losa de Suso hiriek Arabarekiko harremanak moztu zituzten, Biasteri, Labraza, Bastida eta Beranturi Arabako egin ziren bitartean. Trebiñuko Konderria egun Burgosen esku dagoen eskualde arabarra da: 1366. urtean Gaztelako Enrique II. erregeak Trebiñuko Hiribildua eman zion Pedro Manrique Gaztelako Aitzindari Nagusiari. Biztanleek bestela nahi izan arren, 1417an bereizi zuten Trebiñu Arabatik, eta XVI. mendetik aurrera Burgosen administrazioaren mende gelditu zen. v XV. mende erdia arte Gipuzkoa eta Bizkaia xehakatu zituzten ahaide nagusien arteko gerrek ez zuten horrenbesteko garrantzirik izan, nahiz Ganboa leinua jatorriz arabarra izan. Ahaide nagusien arteko lehen gatazkak Araban hasi ziren Gebara (ganboarrak) eta Mendoza (oñaztarrak) etxeen artean. Arabatik Gipuzkoa eta Bizkaia igaro eta larriagotu ziren. v Araba foru lurraldea. XV. mende erdialdetik aurrera, Arabako egitura politikoa foruen arabera bermatu zen. Batzar Nagusiak burujabe ziren. Erregeak, nagusi betiere, botere horren babesle ziren, foruen aldeko zina egin behar izaten zutelarik. Diputatu Nagusiaren ahalmenen artean zegoen Foru Pasea ematea ala ukatzea. Foru Paseaz, kanpotik egindako agindu, xedapen nahiz lege guztiak onartzeko ala ez onartzeko eskubidea bermatzen zen. Udal egituraketari dagokionez, Arabako hiri, herri eta hergoienak ermandadeetan bildu ziren, ermandade multzo bakoitzak bere koadrila osatuz. Itsas aldeko Gipuzkoa eta Bizkaiaren saleroste eta industri protagonismorik gabe, Araba nekazari lurralde bihurtu zen erabat, Gasteiz Erdi Aroko moldeekin hautsi ez zuen gremio hiriaren inguruan antolatua. Mendebalde europarra eta Euskal Herria bereziki eraso zituen XVII. mendeko krisiak eragina izan zuen Araban, beherapen demografiko nabarmena ekarriz. XVIII. mendearen bukaeran 70.000 biztanle inguru zituen Arabak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak baino nabarmen gutxiago. XIX. mendearen hasieran, Napoleonen oste frantsesek hartu zuten Gasteiz (1809), Jose Bonaparteren gortea denbora txiki batez bertan egokitu zelarik. Wellingtonen osteak frantsesen aurrean lorturiko garaipenak (1813ko Ekainaren 21) azkena eman zion okupazio honi. v Foruen gainbehera. Frantsesen aurkako gerra amaitu gabe liberal espainiarrek Cadizen aldarrikaturiko konstituzioak Foru Erregimenaren erabateko ezabapena zekarren. Gerra bukatuta, Fernando VII.ak konstituzio hura balio gabe utzi eta foruak ezagutu zizkien penintsulako lau euskal lurraldeei. Halaz ere, 1815 eta 1817 urteetako xedapenek izugarri murriztu zituzten foruak. 1833an hasi zen lehen gerra karlista. 1837an sortu ziren probintzi Diputazioak eta Lehen Mailako Epaitegiak, aduanak kosta eta estatuen arteko mugetara eraman zituzten: Foru Erregimenaren azkena zen. 1839. urtean Bergarako Besarkadaren ondoren, Foru Erregimena berriz ere aitortu zuen Espainiako monarkia liberalak. Amarrua baizik ez: urte hartan bertan hasi zen dekretu andana batek bide gabe utzi zuten Foru Erregimena. Karlistek gerra berriz ere galdu ondoren, 1876ko uztailaren 21ean abolitu ziren betikoz foruak. Arabako herrialdea Gipuzkoan eta Bizkaian gertatutako industrializazio prozesutik kanpora gelditu zen XX. mendeko 60-70 hamarkadara arte. Foruak galdu ondoren, Kontzertu Ekonomikoak sinatu zituen Arabak Madrilgo Gobernuarekin 1952an, 1937an Gipuzkoa eta Bizkaiari kendu bazizkieten ere. Francoren diktadura garaian, beraz, Arabak gorde zuen, nahiz guztiz murrizturik, eskubide hori. Franco hil ondoren (1975) zabaldu zen aro politiko berrian, Araba Euskal Kontseilu Nagusian, lehenik, eta Euskal Autonoma Erkidegoan, ondoren, sartu zen, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera. Gasteiz da Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua.