Arabako Lautada
Araba osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Dulantzi, Arratzua-Ubarrundia, Asparren, Barrundia, Burgelu, Iruña Oka, Iruraitz-Gauna, Agurain, Donemiliaga eta Gasteiz, Arabako hiriburua. Eskualde honek 784 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Arabaren % 25,8), eta 228.094 biztanle zituen guztira 1997an, Arabako biztanleria osoaren % 78, Gasteiz hiriburua barne hartzen duenez. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nagusi Arabako Lautadan. Nolanahi ere, nabarmen egin du aurrera euskarak azken urteotan, nahiz eta berez aspaldi desagertua zen eskualde honetako herririk gehienetan. 1996ko datuen arabera, esaterako, 30.271 euskaldun, 45.016 ia euskaldun eta 145.904 erdaldun bizi ziren bertan. Alor ekonomikoari dagokionez, 1996an 2.657.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Arabakoa 122 izanik, 116an zegoen Arabako Lautada. Zerbitzuek osatzen dute eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 55, Arabako batez bestekoaren sei puntu gorago. Kasu honetan ere, Gasteizek baldintzatzen ditu bere eskualdeari buruzko datuak, hiriburuan ez bezala gainerako herrietan garrantzi handia baitu oraindik lehen sektoreak, batez ere herririk txikienetan. Badira, halaber, erabat industriari emandako herriak, hala nola Iruña Oka, Asparrena eta, neurri txikiagoan bada ere, Agurain eta Dulantzi. Industrialde bana eraiki da, esate baterako, azken bi herri hauetan. Aipagarria da eskualdeko hainbat herritan turismoari lotutako zerbitzuek hartu duten indarra. Zadorra urtegi inguruko "hondartzak" hartzen dituen Arratzua-Ubarrundian, adibidez, zerbitzuetatik dator sortzen den balio erantsiaren % 83. Oro har, inguruko herri eta kontzeju txikietako biztanle eta langileak erakartzen dituzten udalerri handienen eraginpean aldatu da azken urteotan Arabako Lautada. Batetik, hiriburutik gertuen dauden udalerrietan nabarmendu da aldaketa, batez ere bigarren egoitza diren etxebizitzetan eta aisiari eskainitako jardueretan. Bestetik, hiriburutik urrutiago dagoen eremuan, Agurainen inguruan nabarmendu da Lautadaren eremu zabal baten garapena.
- ar
- Ara
- Araba
- Arabako Haranak
- Arabako Ibarrak
- Arabako Lautada
- Arabako Mendialdea
- arabar
- arabata
- arabazozo
- Arabella