Arabako Mendialdea
Arabako eskualdea. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Harana, Lagran eta Urizaharra. Eskualde honek 480 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Arabaren % 16), eta 3.319 biztanle zituen guztira 1997an (Arabako % 1,16). Kanpezu da eskualdeko herririk jendetsuena (1.094 biztanle 1996an); azalera handiena, ordea, Bernedok du. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nagusi Arabako Mendialdean. 1996an, 231 euskaldun, 214 ia euskaldun eta 2.614 erdaldun bizi ziren bertan. Alor ekonomikoari dagokionez, 1996an 2.083.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Arabakoa 122 izanik, 91n zegoen Arabako Mendialdekoa. Zerbitzuek osatzen dute eskualdeko balio erantsiaren zati handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 42, Arabako batez bestekotik nahiko hurbil. Lehen sektoreak ere garrantzi handia du, balio erantsiaren % 21 ekartzen baitu. Industriak, berriz, % 27tik gora zekarren urte berean. Oro har, biztanleak galtzen joan da azken urteetan eskualde hau, neurri handi batean zahartzearen eta nekazaritzaren gainbeheraren ondorioz. Hori dela eta, nekazaritzari eta kalitate handiko ingurumen naturalari lotutako jarduera berritzaileak bultzatzen saiatu dira azkenaldian.
- Ara
- Araba
- Arabako Haranak
- Arabako Ibarrak
- Arabako Lautada
- Arabako Mendialdea
- arabar
- arabata
- arabazozo
- Arabella
- arabera