Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antonio, Marko

(Lat. Marcus Antonius) Militar eta politikari erromatarra (K.a. 83 - Alexandria, K.a.30). Zesarren militar hurkoa Galian, oligarkiaren aurkako borrokari gartsuenetakoa izan zen, eta Farsaliako guduan parte hartu zuen (K.a. 48). Zesar hil ondoan nagusi (K.a. 44), haren ondorengo izendatu zuten Oktaviori aurre egin zion, baina Modenako gudua galdu ondoren, Oktaviorengana jo eta, Lepidorekin batera, bigarren agintaldi hirutarikoa osatu zuen (K.a. 43). Hiru agintariek Alderdi Errepublikarra deuseztu (Zizeronen hilketa), Bruto eta Casio xehakatu (K.a. 42) eta mundu erromatarra banatu zuten elkarren artean (Brindisiko bakea, K.a. 40). Antonio Ekialdeaz jabetu zen, eta Oktavioren arreba Oktaviarekin ezkondu zen. Geroztik, Kleopatra VII.ganako grinak erabat harturik Egiptorentzat baizik ez zuen begirik izan, Egipto inperio heleniar bezain sortaldetarra eraikitzeko egarriak hartuta. Erromako jenerala ez baina Ekialdeko errege gisa, Egiptori eman zizkion Erromak Asian zeuzkan lurralde guztiak (Judea, Fenizia, Siria, Zipre). Oktavioren armadak Actiumeko itsas guduan garaituta (K.a. 31) eta Alexandria setiatu ondoren (K.a. 30), Antoniok ez zien inolako oztoporik Oktaviok Asia alderako zituen asmoei, eta bere buruaz beste egin zuen, Kleopatrak hori bera egin zuelako gezurrezko albistea heldu zitzaionean.