Annan, Kofi
Ghanatar diplomatikoa (Kumasi, Ghana, 1938). Ekonomia ikasketak egin zituen Ghanan, Suitzan eta Estatu Batuetan. 1962an Osasunaren Munduko Erakundeko aurrekontuen bulegoan hasi zen lanean eta harrezkero Nazio Batuen Erakundearen funtzionario da. 1974-1976 bitartean Ghanako Turismo ministerioarentzat lan egin zuen. NBEn barruan organismo batzuetan eta besteetan lan egin ondoren, 1987an idazkari nagusiaren aholkulari eta laguntzaile izatera iritsi zen finantza gaietarako (bai Javier Pérez de Cuéllarrekin, bai Butros-Galirekin). 1995-1996 bitartean idazkariorde nagusia zelarik Butros-Galiren ordez aritu zen Jugoslavia ohian bake lanetan. 1996an Batzar Nagusiak NBEn idazkari nagusi aukeratu zuen (Estatu Batuek Butros-Gali berriro hautatzeko ezetza eman baitzuten), eta bera da orain arte postu horretara iritsi den karrerako funtzionario bakarra. 1998an Saddam Hussein presidentearekin elkarrizketatu zen Bagdaden, estatubatuarrek Iraki egin nahi zioten erasoa eragozteko asmoz, irakiarrek ez baitzuten beren armategi kimikoa eta biologikoa ikuskatzeko baimenik eman nahi. Negoziazio horietan izan zuen arrakastarekin asko hazi NBEn ospea nazioartean, aurretik porrot ugari izan baitzituen gatazka horretan. 2001ean Bakearen Nobel Saria jaso zuen, mundu ondo antolatu eta baketsuago baten alde egindako lanagatik.