Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Annam

Vietnam erdialdeko lurraldea, ipar-hegoalde zabaltzen den kostaldeko ordoki batek osatua. Mugak: Annamiar Mendilerroa, mendebaldean; Txina hegoaldeko itsasoa, ekialdean; Tonkin lurraldea, iparraldean; Kotxintxina, hegoaldean. Biztanleria handikoa, ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (arroza, artoa, azukre-kanabera eta kokoa) eta arrantza dira. Hiri nagusiak: Hue (hiriburua), Da Nang eta Qui Nhon.  v  Historia. 1803. urtea baino lehen, izen horrez ezagutzen zen Indotxina erdialdeko erreinua. Nguyen Anh enperadore annamiarrak Tonkin, Annam eta Kotxintxina batzea lortu zuen, eta Vietnamgo inperioa sortu zuen. Tu Duc (1847-1883) haren ondoko enperadoreak kristauen aurka antolatutako esetsaldiak aitzakia harturik, frantsesak Annamen sartu (1883) eta Frantziako babes-herri bihurtu zuten Union Indochinoise delakoaren barnean. Annamek enperadorea mantendu zuen, 1945. urtean Ho Chi Minhek errepublika aldarrikatu zuen arte. Vietnam zatiturik egon zen urteetan (1954-1976), bitan banatu zuen Annam 17. paraleloak.