Andorra
(Izen ofiziala, Andorrako Printzerria; Kat. Principat d’Andorra). Pirinioetako printzerri txikia, Espainia eta Frantzia artean. 465 km2 eta 83.137 biztanle (2006, andorratarrak). Hizkuntzak: katalana (ofiziala), gaztelania, frantsesa. Hiriburua: Andorra la Vella. Dirua: euroa. Zazpi udalerrik osatzen dute lurraldea: Andorra la Vella, Sant Julià de Lòria, Encamp, La Maçana, Ordino, Canillo eta Les Escaldes. Herri erabat menditsua (Coma Pedrosa, 2.946 m), ekonomia jarduera nagusiak abeltzaintza eta, batez ere, turismoa dira (zergarik gabe inportaturiko produktuen merkatu askea). ■ Biztanleak eta gizartea. Jatorrizko andorratarrak, katalanak kulturaz eta hizkuntzaz, biztanleen heren bat baino gutxiago dira, gaur egun. Gainerako biztanleak etorkin espainiarrak (biztanle guztien % 60 inguru) eta frantsesak dira, gehienbat. Etorkin horiei kupo sistema zorrotz baten arabera eman zitzaien egoitza baimena. Andorratarren % 85 katolikoak dira. Adinaren arabera, hau da biztanle banaketa: 0-14 urte bitartekoak % 14, 15-64 urte bitartekoak % 73, 65 urtez gorakoak % 13. Estatu Batuetako errolda bulegoaren arabera, Andorra da munduan bizi itxaropen handiena duen bigarren herrialdea: 82,7 urte. ■ Ekonomia. Andorrako ekonomia, tradizioz, abere hazkuntzan (ardiak, batik bat), tabakoaren langintzan eta basoetan oinarritzen zen. Baina, 1950etik aurrera, turismoak izugarrizko gorakada izan du eta, gaur egun, printzerriko jarduera nagusia da, urtean 9 milioi inguru bisitarirekin. Eski estazioak, neguan, udako klima eta mendi ikuspegi ederrak, eta orobat zergarik gabeko produktuen eskuragarritasuna, turista asko erakartzen dituzten elementuak dira guztiak ere. Baina baditu Andorrak baliabide gehiago ere: energia elektrikoa ekoizteko ur-jauziak, ur minerala, burdin meak eta beruna, besteak beste. 1990etik aurrera, finantza zerbitzu berriak jarri dira abian eta indar handia hartzen joan dira, banku-sekretuaren lege zorrotzari eta zerga apalei esker. Andorrako gobernuaren sarrera bakarrak zerga gutxi batzuk eta zigiluen salmentak uzten dizkion irabaziak dira. v Historia. XIII. mendetik hasita (1278), Foix-ko kondea (gero Frantziako erregea, eta azkenik errepublikako lehendakaria) eta Urgellgo Apezpikua izan dira Andorrako printzekideak edo estatuburuak. Barne arazoen ardura aukeratutako kontseilu nagusi baten esku uzten zen. Justizia arazoak, kanpo harremanak eta defentsakoak printzekideen kontrolpekoak izaten ziren. 1982ko urtarrilean bereizi egin ziren legegintza eta eragiletza funtzioak, eta kontseilu nagusiak (28 kidez osatua) kontseilu eragile edo gobernu bat izendatu zuen, lehendakaria buru zuela. 1993ko martxoaren 14an, andorratarrek, erreferendum bidez, indarrean zuten sistema erdi feudala baztertu eta konstituzio berri bat onartu zuten, eta geroztik, Andorran, estatu burujabe eta demokratiko bat ezarri da. Konstituzio horrek bide ematen dio Andorrari justizia aginpide burujabea izateko, bere kanpo politika propioa garatzeko eta nazioarteko erakundeetan parte hartzeko. 1993an onartu zuten Nazio Batuetan. Gainera, alderdi politikoak eratu ahal izan dituzte eta baita sindikatuak ere, lehenago ez baitzen ez alderdirik eta ez sindikaturik. Grebarako eskubidea ere legeztatua izan da. Bi printzekideek jarraitzen dute estatuburu gisa, baina orain, herrialdeko mugei buruzko legeen gainean dute soilik betorako eskubidea. Frantziak eta Espainiak lehengo ardurekin jarraitzen dute printzerriaren defentsa eta diru arazoei dagokien guztian. Konstituzio berria onetsi ondorengo 1993ko abenduan egin ziren lehen hauteskundeak, eta 1994ko urtarrilean Oscar Ribas Reig hautatu zuten Andorrako lehen gobernu burujabeko lehendakari. Emakumezkoek 1970ean lortu zuten botoa emateko eskubidea. Gaur egun Joan Enric Vives Sicilia eta Nicolas Sarkozy dira printzekideak, eta Albert Pintat Santolaria lehendakaria.
http://www.govern.ad/