Andrade, Joaquim Pedro de
Brasildar zinemagilea (Rio de Janeiro, 1932 - 1988). Lehenengo film laburrak intelektual ospetsuen ingurukoak egin zituen: Gilberto Freyre soziologoa (O Mestre de Apipucos, 1959), Manuel Bandeila poeta (O Poeta do Castelo, 1959). Baina berehala ekin zion fikzioaren bideari: Couro de gato (1960). O Padre e a moça (1966) lanarekin nabarmen uzten du egileak bere zinemak literatura brasildarrarekin duen lotura. 1969an Macunaima filma egin zuen, cinema novo higikundeko maisulantzat hartzen dena. Os Inconfidentes (1972) lanarekin Andradek atzera egiten du denboran, Argien Menderaino hain zuzen. Lan horretan intelektualen eta aginpidearen arteko harremanak aztertzen ditu; bere garaira hurbiltzen ditu eta agerian uzten ditu brasildar eskuinaren eztabaidak eta etsipena. Guerra conjugal (1974, Senar emaztearen arteko gerra) eta Vereda tropical (1977, Bidexka tropikala) lanetan konnotazio erotikoak dituen umorea erabiltzen du. O Homem do Pau Brasil (1981) filmean Oswald de Andrade aita espiritualaren biografia berezia egiten du. Joaquim Pedro de Andraderen obrak pesimismoa agertzen du, bere garaikoen baikortasunetik oso urrun.
- Andorra
- andorratar
- Andosilla
- andra
- Andrade, Eugenio de
- Andrade, Joaquim Pedro de
- Andrade, Mario de
- andrakila
- andrakume
- andrazko
- Andre, Carl