Ando, Tadao
Japoniar arkitektoa (Osaka, 1941). Japoniar arkitekturarekiko kezka berezia izanik bere kasa ikasi zituen arkitekturaren oinarriak 1962-1969 bitartean, Estatu Batuetan, Europan eta Afrikan zehar egin zituen bidaietan, maisu handien eraikinak aztertuz. 1969an bere estudioa ireki zuen Osakan: Tadao Ando Architect & Associates. Sumiyoshiko Etxe Atxikia obrarekin (1975-1976) Japoniako arkitektura institutuaren saria jaso zuen 1979an. Hiru elementu dira beretzat beharrezkoak: benetako materialak, hormigoi biluzia edota zur pintatu gabea; geometria hutsa, forma soilak; eta izadia, gizonak abstrakzioaren bidez eratua. Espazio garbien bila, horma soil apaindurarik gabeak dira bere eraikinen osagai nagusiak. Estilo horretan eginak dira Koshino Etxea (1979-1981), Rokko I Etxebizitzak (1978-1983), Ur Kapera (1985-1988), Argiaren Kapera (1987-1989), etab. Administrazioaren aginduz egindako Time’s I eraikina (1983-1984) irekiagoa da, eta, espazioaren kaltetan, formaz konplexuagoa. Estilo berekoak dira Children’s Museum (1986) eta Japoniako Pabiloia (1989), Sevillako Erakusketa Unibertsalera eramana. Andok sari asko jaso ditu bere lanagatik, eta Erresuma Batuko, Norvegiako eta Estatu Batuetako unibertsitateetan egon da irakasle gonbidatu gisa. Isiltasunaren arkitektura izeneko joeraren sortzailea da, ekialdeko estiloaren jarraitzaile leiala.