Ambrosini, Carlo
Italiar marrazkilaria (Azzano Mella, 1954). Gazte-gaztetatik hezi zuten artearen esparruan. Adierazkortasun handiko marrazkilaria da, eta trebetasun aparta du irudi errealistak marrazten. Dardo argitaletxeak egin zizkion lehen irudi eskaerak (1976). 1978-1982 bitartean, Storia d’Italia a Fumetti egitasmo handian parte hartu zuen Enzo Biagiren zuzendaritzapean. 1983an, Giancarlo Berardi eta Ivo Milazzok sortu, eta gero Giancarlo Alessandrini bezalako irudigile sonatuek marraztutako Ken Parker istorio sail arrakastatsuan lan egin zuen Ambrosinik. Orient-Express aldizkariak, berriz, XV. mendean kokaturiko Nicho Macchia lehen lan historikoa argitaratu zion 1984an. Sail honek harrera ona izan zuen merkatuan, eta beste herrialdetan ere oso ondo saldu zen. Frantzian, esate baterako, 1986az geroztik argitaratu zen.