Alpert, Herb
Estatubatuar musikari eta musika industrialaria (Los Angeles, Kalifornia, 1935). Alpert da historia osoan disko gehien saldu duen instrumentistetako bat. Horri esker, izugarri hazi zen haren A & M disko konpainia. 1962an topatu zuen Alpertek bere txokoa musikaren munduan, The Lonely Bull instrumentala jotzean. “Ameriachi” deitu zioten haren musikari, mariachi, rock eta tankera batzuetako musikak beste nahasten baitzituen. A & M diskoetxeak atera zuen abesti hura, Alperten konpainiak, Carole King, The Carpenters, The Police eta beste batzuenak ekoitzi zituenak gero. 1960tik aurrera, Alperten Herb Alpert and the Tijuana Brass taldeak beste mota bateko musika egin zuen, rock-aren aurrean. Disko ikaragarri saldu zuten. 1965ean, urteko diskoaren Grammy saria eman zioten haien A Taste of Honey abestiari. Alpert instrumentista moduan aritu ohi zen beti, baina abeslari gisa ere lortu zuen arrakastarik, 1968an, This Guy’s in Love With You abestiaz. Hurrengo urteetan, diskoak grabatzen jarraitu zuen Alpertek, eta A & M-ren sormen alderdia indartzen. 1979an, pop instrumentista onenaren Grammy saria eman zioten, Rise abestiagatik.