Alpeak
Europako mendialde zabal eta garaiena, Mediterraneotik Danubio ibai arrora 1.000 km luze eta 250 km zabaleko ingurua hartzen dituena. Alpeetako mendikatearen barnealdeko maldak Italiari begira daude eta, kanpoaldeko mazelak Frantzia, Suitza, Alemania, Austria eta Jugoslavia alderako isuria dute. Multzo kristalino batek osatzen du Alpe mendien ardatza, alde garaiena, beranduen eratu zena eta hauskaitzena dena (Mont Blanc aldea, gailur altuena: 4.807 m, Aar, Bernina eta Tauern). Mendebaldean eta hegoaldean, erdialdetik bereizitako geruzek, kare harrizkoak eskuarki, Aurrealpeak deituriko erliebeak osatu zituzten. Tertziarioan osatu zirelarik, haran eta gailurrak moldatu dituen izoztegi higadura etengabea jasan dute Alpeek Kuaternarioan (Isère, Goi Rhin, Inn, Drau ibai arroetako nahiz Aostako ildo luzeak). Egungo izoztegiek, ordea, azalera osoko % 2 baizik ez dute hartzen (Aletsch izoztegia, luzeena); antzinako izoztegi sakonuneak aintzirek hartuak dira egun.
v Klima eta landaretza. Altuera eta erliebeak osoki mugatzen dute mendialde gaitz honek harturiko lurraldeen klima eta landaretza. Eurite ugariek (Frantzia aldeko Mediterraneo aldeko Alpeetan eta Austriako Alpeetan izan ezik) elur forma hartzen dute gailurretan. Fœhn izeneko haize beroak sortarazten dituen urtze aldi azkarrek ur laster arin eta ugariak eragiten ditu. 1.000 eta 2.000 m-ko altueran, labore lurren leku hartzen dute basoek, eta 2.000 m-tik gorako eremuetan lubizi eta betiereko da nagusi. Lantze-lurrak eta biziguneak behereko egutera edo eguzkialdeetan egokitu dira. Alpeetan sortzen dira Europako ibai nagusi zenbait (Po, Adige, Rhône, Rhin, Drave).
v Biztanleria eta ekonomia. Alpeetako biztanleria antzinakoa da: XIX. mendeko industria iraultzak (burdinbideak, hidroelektrizitatea, lurlan teknika berriak, turismoa) aldatu dituzte guztiz etxeko nekazaritza, abere hazkuntza eta artisautza oinarri zituen gizartearen bizi baldintzak. Herri txikietako biztanleria urritu egin da, handiagoenen faboretan (Grenoble eta Innsbruck hiriek 100.000 biztanletik gora dituzte). Alpeetako industria elektrizitateaz baliatu da industria zaharrak indarberritu eta elektrokimika nahiz elektrometalurgia garatzeko (Valais, Aosta, iparraldeko Alpe frantsesak, Bolzano eta Save jugoslaviarra). Komunikabideen garapenak, bestalde, badu ikustekorik aurrerapen honekin: burdinbide tunelak Fréjus (1871), San Gotardo (1882), Aarlberg (1884), Simplon (1906); nazioarteko mendate eta errepideak, Furka (1886), Galibier (1891), Iseran (1937), Grand-Saint-Bernard eta Mont Blanc-eko tunelak. Negu kirol eta atsedenaren inguruan garatu den turismo industriak izugarrizko indarra hartu du Alpeetan, populazioa berriz areagotuz. Asko ugaldu diren bainuetxe termalak eta, nagusiki, negu kiroletarako egonlekuak Alpeen geroa baldintzatuko duen turismoaren garapen azkar baten ondorio zuzena dira.