almohade
(Arab. al-muwahhidun) iz. eta izlag. Dinastia berberiar baten kideez esaten da (1147-1269), Espainia erdian eta Magreb osoan erreinatu zutenak. Ibn Tumart, Anti Atlasko masmuda leinukoa izan zen dinastiaren sortzailea. Erlijio erreformatzaile, erlijioaren iturrietara itzuli beharra aldarrikatzen zuten. Jainkoaren erabateko batasunaren aldekoa, morabitoen bitartekotzaren eraginkortasuna ukatzen zuten; xiiten modura, Mahdi eta Iman izendatu zuen bere burua (1121) eta gerra santua aldarrikatu zuen almorabiarren aurka. Hauek Atlas Handiaren barrenean eduki zituzten almohadeak Marrakexera doazen mendate guztiak itxiz. Al-Mahdi hilik (1130), ‘Abd-al-Mumin haren ondorengoak (1130-1163) blokeoa hautsi eta Tlemcen, Fez eta Marrakex (1147) hartu zituen. Espainian sartu (1147), Ipar Afrika Tripolitaniaraino beretu eta bere burua kalifa izendatu zuen. Muhammad al-Nasir laugarren kalifarekin (1119-1213) hasi zen almohaden gainbehera Las Navas de Tolosan (1212) jasaniko hausiabartzaren ondoren. Azkenik, benimeriniarrek Marraketx hartzean (1269) amaitu zen almohaden nagusigoa. v Almohaden garaia Andaluziako islamaren hondarreko distiraldia izan zen. Zientziak, arteak eta letrek loraldi handia ezagutu zuten aro honetan; Andaluziako salgaiak Sortaldeko muturreraino iristen ziren. Ordukoak dira Abentofail, Averroes, Avenzoar, etab.