almorabiar
. (Arab. al-murabitun) iz. eta izlag. Dinastia berberiar baten kideez esaten da (XI. m. amaiera - XII. m. hasiera), Afrika iparraldeko mendebaldean eta Espainia musulmanean erreinatu zutenak. Sanhaya berberiar leinuko Yahya eta Abu Bakr anaia buruzagiek Ibn Yasin-i deitu zioten Ghanako inperioan islamiar dotrina zabal zezan; honek, ribat (komentu militar) bat ezarri zuen Senegal ibaiko uharte batean. 1042an Ibn Yasinek Saharako berberiar eta Takruneko beltzen artean predikatu zuen islama; musulmandu berriez gudaroste bat antolatu eta Ghanako inperioa hartu zuen (1076 inguruan). Gero Ipar Afrikara abiatu ziren, betiere islamismo ortodoxoa zabaltzeko asmotan. Ibn Tasfin-ek (1061-1106) Marrakex sortu eta bertan hiriburua ezarri zuen, haren gidaritzapean Maroko eta Aljeriako mendebaldea baturik egon zirelarik. Gaztela eta Leongo Alfontso VI.ak Toledo hartu zuenean (1085), taifa-erregeek deitu zioten Ibn Tasfini; honek Sagrajas edo Zallaka-ko batailan (1086) garaipen garbia lortu zuen. Zenbait urte geroago, taifa-erregeak egotzi eta Al-Andalus erantsi zion bere inperioari, soilki Valentzia, Cid-en eskuetan izan zen urteetan, eta Zaragoza haren agintepean erori ez zirelarik. ‘Ali Ibn Yussuf, seme eta ondorengoaren erreinaldian (1106-1142), Espainia eta Magreben batasuna indartu zen eta Al-Andaluseko zibilizazioa Afrikako hirietara hedatu zen. ‘Ali hil zenean (1143), inperioa desegiten hasia zen eta Tasfin haren ondorengoa Oranen hil zen (1149), almohadengandik ihesi zihoalarik. v Al-Andalusi dagokionez, almorabiarren aroa mendebalde islamiarraren bi aldi distiratsuen artekoa da, XI. mendeko taifa erresumen eta almohaden artekoa, alegia. Dena den, Ibn al-Sid eta Avempace filosofian, Ibn-Quzman herri poesian eta abarretan izen handiak dira nor bere alorrean.