Almunia, Joaquín
Espainiar politikaria (Bilbo, 1948). Zuzenbide eta ekonomia zientzietan lizentziaduna da. 1974an, PSOE alderdiko eta UGT sindikatuko kide egin zen. 1979an Madrilgo diputatu hautatu zuten lehenengo aldiz, eta ondorengo legealdietako hauteskundeetan ere (1982, 1986, 1989, 1993 eta 1996an) lortu zuen aulki hori bereganatzea. 1982ko urrian PSOEk hauteskundeak irabazi ondoren, Lan eta Gizarte Segurantza arloko ministro izendatu zuen Felipe González presidenteak. Lau urte geroago, Herri Administrazioetako ministro kargua hartu zuen, 1991 arte. Geroztik, PSOE alderdiko barne-lanetan murgildurik ibili da, sektore “berritzaile” delakoaren barruan. 1996ko hauteskundeen ostean, sozialisten talde parlamentarioaren bozeramale aukeratu zuten Diputatuen Kongresuan. 1997an Madrilen egindako PSOEren 34. Biltzarrean, alderdiko idazkari nagusi aukeratu zuten, Felipe Gonzálezek karguari uko egin zionean. Urte berean, Felipe González bera ordezkatu zuen sozialisten parlamentario taldearen lehendakaritzan, eta Almuniak utzi egin zuen bozeramale kargua. Hurrengo urtean galdu egin zituen, José Borrell ministro ohiarekin lehiatuz, gobernuko presidentziarako hautagaia aukeratzeko PSOEren barruan egin ziren hauteskundeak. Almuniak berehala aurkeztu zuen dimisioa, baina alderdiak Batzorde Federalak erabakiren bat hartu arte itxaroteko eskatu zion eta, handik egun gutxira, idazkaritza nagusian jarraitzeko hitzarmena lortu zuen Borrellekin. 2000. urteko hauteskundeetan, gobernuko lehendakaritzara aurkeztu zen Almunia; kanpainan, Partido Popular (PP) alderdiaren kontrako eraso zuzena bultzatu zuen, eta ezkerreko beste alderdi nagusiarekin (Izquierda Unida-Ezker Batua) paktu bat egin zuen, aurreneko aldiz, Senatura elkarrekin joateko. Iragarpenak gorabehera, PPk gehiengo absolutua lortu zuen, eta Alderdi Sozialistak inoiz baino emaitza txarragoak izan zituen, 1979. urteaz geroztik okerrenak, 1996. urtean baino 16 diputatu gutxiago (125). Hauteskundeen gauean bertan, Almuniak dimisioa eman zuen sozialisten idazkari nagusi gisa. Rodríguez Zapatero da Almuniaren ondorengoa postu horretan.
- almirante
- Almodóvar, Pedro
- almogabiar
- almohade
- almorabiar
- Almunia, Joaquín
- almute
- alobara
- aloe
- alofana
- alofono