Almirall, Valentí
Politikari katalana (Bartzelona, 1841 - Bartzelona 1904). Pi i Margallen alderdi errepublikazale federalean abiatu zen politika alorrean (1868). Tortosako Itunaren antolatzaileetariko bat izan zen (1869). Bi egunkariren sortzaile eta zuzendaria: El estado catalán (1869) eta Diari català (1879), katalanez egindako lehen egunkaria. Kataluniako estatuaren aldarrikapen saioan esku hartu zuen; saio hau Pi i Margallek eragotzi zuen (1873). Lehengo alderdia utzirik, Centre Català (1882) eraiki zuen Kataluniako autonomiaren alde zeuden guztiak biltzeko asmoan. 1885ean Alfontso XII.ari aurkezturiko Memorial de agravios delakoaren idazleetariko bat izan zen. Almirallen obra nagusiak: España tal cual es (1886) eta Lo catalanisme (1886).