Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Almantzor

edo Al Mansur. (Abu ‘Amir Muhammad ibn ‘Amir al-Ma‘afiri) Al Andaluseko gerrari eta politikoa (Torrox, Almeria, 940 - Medinaceli, 1002). Hogei urtez, Almantzorren aginpidea nagusitu zen Al Aldalusen; haren aldean, Hisam II.a kalifa apaingarri hutsa izan zen. Guduan lorturiko garaipenek ospe handia ekarri zioten Almantzorri eta, Galib jeneralarekin ados jarririk, lehen ministroa ordezkatu zuen (979). Kordoba ondoan «Medina al-Zahira», «hiri distiratsua» eraiki zuen (979-981) eta hura hartu zuen bere eta administrazioaren egoitzatzat, eta modu horretara herri eta estatuaren jaun eta jabe bilakatu zen. Agintari eta administratzaile ona izanik, erosotasun eta lasaitasun aldi luzea gozatu ahal izan zuten haren mendekoek. Etengabe eraso zien erresuma kristauei eta berrogeita hamarren bat espediziotan garaile izan zen; horien artean Bartzelonara (985) eta Santiagora (997) egindakoak izan ziren garrantzitsuenak. Errioxaren aurka zuzenduriko eraso baten ostean hil zen, Medinaceli hirian. Almantzorren heriotzaren ondoren hasi zen Al Andalusen gainbehera.