Almendros, Néstor
Zinemako argazki zuzendari katalana (Bartzelona, 1930 – New York, 1992). Haurtzaroa eta gaztaroa jaioterrian igaro, eta 1948an Kubara emigratu zuen. New Yorken eta Erroman zinema ikasketak egin ostean, Kubara itzuli eta dokumental batzuk egin zituen. G.R. Aldo neorrealistaren eragina nabarmena izan zen, hasieran behinik behin, Almendrosen lanean. Gero Kubatik Frantziara joan eta “Nouvelle vague” joerako zuzendariekin (E. Rohmer, F. Truffaut, B. Schroeder) harremanetan jarri zen. Garai horretako filmak dira, besteak beste, Le genou de Claire (1970), Ma nuit chez Maud (1969), La marquise d’O (1975), Pauline à la plage (1982) Rohmerrekin egin zituenak; L’enfant sauvage (1969), Deux anglaises et le continent (1971) Histoire d’Adèle H. (1975), La chambre verte (1977), Le dernier métro (1980), Truffautekin eginak. Garai horretakoa da halaber telebistarako egin zuen Euskal Herriari buruzko lana (Au Pays Basque). 1970eko hamarkadaren erdialdera, Almendrosen lanaren eske hasi zen Ipar Ameriketako zinemaren industria. Han, beste askoren artean, Robert Altmanen Kramer versus Kramer (1978) eta Alan J. Pakularen Sophie’s choice (1982) filmetan lan egin zuen. 1977an, argazki onenaren Oscar saria jaso zuen T. Malicken Days of heaven filmean egin zuen lanagatik. Beste hiru aldiz ere proposatu zuten sari horretarako: Aintzira urdina, Kramer versus Kramer eta Sophie’s choice filmetan egindako argazkiengatik, hain zuzen.