Alexandro Ia (Pavlovitx)
Errusiako enperadorea (San Petersburgo, 1777- Taganrog, 1825). 1801-1825 bitartean izan zen enperadore. Paulo I.aren semea eta Katalina II.aren biloba. La Harpe hezitzailearengandik jaso zituen ideia liberalen ondorioz, erreforma batzuk eragin zituen koroatu orduko (tortura eta zentsura kendu, petxeroei lurren jabe izateko eskubidea eman, irakaskuntza berritik antolatu). Ingelesekin aliatua (1801) eta Napoleonen aurka jardun zuen (1805). Austerlitzeko Gudua galdu ondoan, Napoleonekin bakea izenpetu eta haren ondora lerratu zen, Ingalaterra eta Suediaren aurkako gerra aldarrikatuz eta Turkiarekin bakea sinatuz. Berriz ere Frantziarekikoak hautsi ondoan, Napoleonek Errusia inbaditu zuenean, eutsi ahal izan zion erasoari. Waterlooko Guduaren ondoren, kanpo politika alde batera utzi zuen. Aginpide absolutua mantentzearen aldekoa, hil zenean, Nikolas I.a bere ondorengoak monarkia konstituzionalaren alde zeuden dekabristen estatu kolpe ahaleginari aurre egin behar izan zion.