Alexandro Handia (Alexandro IIIa)
Mazedoniako erregea (Pella, K.a. 356 - Babilonia, 323). Filipo II.aren eta Olinpiaren semea, Aristotelesen ikaslea izan zen. Aginpide ardurak gazterik hartu zituelarik, Keroneako guduan nabarmendu eta errege izendatu zuten hogei urte zituela (K.a. 336). Korintoko batzarrean konfederakuntza heleniarreko buru izendatu ondoan, izendapen hura onartzen ez zutelako altxatu ziren hiri grekoen aurka jardun zuen, Tebas suntsituz eta Atenas mende hartuz. Greziaren jabe, Asiaren konkista prestatu zuen, jeneral guztiz trebez inguraturik. Erreinua Antipatrosen manupean utzi ondoan, gudaroste indartsu batez lagundurik Helesponto igaro eta Troas hirian lehorreratu zen. Dario III.a persiarraren armadari nagusitu ondoan (Graniko, K.a. 334), Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak hartu zituen eta, Gordion (bertan askatu zuen Gordiongo tenpluko korapiloa, Asiako inperioa ziurtatu zion ekintza) eta Tarsos (hiri honetan gaixotu zen, Kydnos ibaian bainatu ondoren) hirietan egonaldi bat egin ondoan, berriro menderatu zituen persiarrak (Issos, K.a. 333), eta hartu zituen Siria, Fenizia eta Tiro (K.a. 332). Gaza konkistatu ostean, Egipton sartu zen eta Alexandria fundatu zuen. Mesopotamia aldera jo zuen eta, Tigris eta Eufrates ibaiak zeharkatu ondoan, Darioren armada indartsua barreiatu zuen Gaugameleko lautadan, Arbelesetik hurbil (K.a. 331). Azkenik, Babilonia, Susa, Persepolis —elezaharraren arabera, Thais maitalearen gogoaren erantzunez persiarrek Atenas hirian egindako triskantza mendekatzeko erre zuena—, Pasargades eta Ekbatana hiriak hartu eta Asiako errege titulua eskuratu zuen. Dario III.a hil ondoan, Baktriana, Hyrkania eta Sogdiana lurraldeak konkistatu zituen eta Alexandria izeneko kolonia militarrak eraiki zituen han eta hemen (K.a. 329-327). Persiako inperioaren jabe, India aldera jo zuen, Indo ibaia zeharkatu (K.a. 326) eta, Poros Punjab-eko erregeari nagusitu eta gero, hiriburutzat hartu zuen Babiloniara itzuli behar izan zuen, bere soldaduen nekeak behartuta (K.a. 325), eta Nearkos itsasgizonari Persiako Golkoan barneratuko zen espedizioa presta zezan agindu zion. Babilonian, arraza nahaste politikari eman nahi izan zion jarraipena Alexandrok. Roxanaren senarra K.a. 333tik, Satira, Dario III.aren alaba, hartu zuen bigarren emaztetzat (K.a. 324). Geroxeago hil zen (K.a. 323), konkista berriak prestatzen ari zenean. Inperioa jeneralen artean banatu zen (diadokoak), luze gabe elkarren aurka hasi zirenak. Beste hainbeste gertatu zen bere semeen artean (epigonoak). v Antzinatean, Alexandro Handia, haren konkistak eta politika, historia eta literatura obra ugariren gaia izan zen (Arriano, Kalistene, Quintus-Curcius eta Plutarco). Apelle pintore eta Lisipo eskultore ofizialez gainera, Alexandroren nortasunak garai berrietako artistak ere inspiratu zituen (Rafael, Bazzi, Puget, etab.). Erdi Aroko (Roman d’Alexandre eta Libro de Alexandre) eta geroagoko (Alexandre Le Grand, Racine, 1665) literaturak ere ohoratu du Alexandro Handiaren irudia. Euskal literaturan, Zuberoako pastoralek ere leku berezia utzi diote (zazpi antzezpen 1840 eta 1921 artean).