aerobic
iz. Kirol. Sistema kardiobaskularraren ahalmena handitzen laguntzen duten ariketa multzoa. Kirola egiteko modu horrek arrakasta handia lortu zuen 1970eko hamarralditik aurrera, eta horren froga dira ordutik sortu diren bideo-zinta, liburu, telebista saio, zentro espezializatu… kopuru handiak. Normalean, aerobic programak astean hiru edo lauzpabost aldiz egiten diren 20 minutu inguruko ariketa saio indartsuak izaten dira. Horregatik, praktikatzen hasi aurretik mediku azterketa bat egitea gomendatzen dute. Eragin txikiagoko programak ere garatu dira, hanka eta zangoek egin beharreko tentsioa arintzeko, lesio asko eragiten baitute ariketa hauek. Ibiltzea, korrika aritzea, txirrindularitza, igeriketa eta dantzatzea ere aerobic ariketatzat hartzen dira.