Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

AEK

(Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea). Euskal Herriko pertsona helduen euskalduntze eta alfabetatzerako erakundea, 1976az geroztik Euskal Herri osoan hedatua. Azken urteetan, helduen euskalduntze eta alfabetatze sarea osatzen duten erakunde guztien kasuan bezalatsu, ikasturtez ikasturte jaisten joan da ikasle matrikulatuen kopurua. Hala ere, 1999-2000 ikasturtearen hasieran 13.869 ikasle zituen AEK-k, aurreko ikasturtean baino 206 gutxiago. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, helduen euskalduntze eta alfabetatze sail osoaren heren bat bereganatzen du AEK-k. Aipatutako ikasturtean, euskara ikasten zuten % 33,86k AEKren zentro bat aukeratu zuten. Iparraldean, bestalde, AEK da helduen euskalduntze eta alfabetatzean diharduen erakunde bakarra eta, Nafarroari dagokionez, aipatu ikasturtean euskara ikasten zuten helduen erdiak AEKn ziharduen. AEKren pisua areagotzen joan den heinean, eskaintzen dituen zerbitzuak ere zabalduz joan dira. Azken urteetan irakaskuntza metodologia asko landu eta berriztatu du, irakasleen etengabeko prestakuntza sakonduz, eta behar bereziei erantzuteko ere prestatu du bere egitura, euskararen ohiko irakaskuntzari talde eta alor berezietara ere egokituz (enpresa taldeak, hizkuntzaren transmisioari lotutakoak…). Herri onurako erakunde izateko prozesua hasi du AEK-k, eta horretarako eskaria egin du Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Ekonomia eta Gizarte Segurantza Sailean. Euskal kulturaren sustapenari dagokionez ere, arlo berriak jorratu ditu AEK-k azken urteotan, euskararen aldeko jaialdiak (AEK eguna, Sagardo Eguna, AEKanpada), komunikabideekin elkarlanean gauzatutako ekintzak eta abar antolatuz. AEKren balantze ekonomikoari dagokionez, 1999-2000 ikasturtean 133 milioiko galerak izan zituen, eta balantze hori orekatzeko jarduera bereziak antolatzen jarraitu zuen; horien artean ezagunena –nahiz eta helburu bakarra ez izan ekonomikoa– Korrika da. Izan ere, 1980an antolatu zuen AEKk lehenengo Korrika. 2001. urteko Korrika, hamabigarrena, Mundu bat euskara bildu izenburupean eratu zuen. Bestalde, bestelako arazorik ere izan zuen AEKk 2000. urtean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzónek, azaroan kaleratutako auto baten bidez, AEK-ko 19 lagun erruduntzat jo zituen, erakundea ETA-KAS egituraren barruan kokatu ondoren. Besteak beste, talde armatuko kide izatea leporatu zien lau laguni eta ETAri laguntza ematea beste hainbati, baita Segurantza Sozialari iruzur egitea ere. Horrez gainera, AEKren kontrako neurri gogorrak hartu zituen epaileak: batetik, AEKren ondasunak bahitu zituen eta, bestetik, administrari judizial bat izendatu zuen horren guztiaren kargu egiteko. Nolanahi ere, AEK-k ez zuen bere ohiko jarduera eten, eta babes zabala eskaini zion euskalgintzaren inguruko munduak.