Departamento de Cultura y Política Lingüística

Santander

Espainiako iparraldeko hiria eta portua, Kantabriako Autonomia Erkidegoko eta Kantabriako probintziako hiriburua, Santanderko badiaren ertzean (Kantauri itsasoa). 189.069 biztanle. Unibertsitatea. Portuko merkataritza jarduera eta industria (metalurgia, altzairugintza, ontziolak, kimika industria, burdinbide gaiak, janari industria, papergintza, zurgintza) dira ekonomia baliabide nagusiak. Monumentuei dagokienez, aipagarriak dira XII. mendeko katedral gotikoa, egun apaizgaitegia den jeronimotarren komentu zaharra, historiaurreari buruzko museoa eta arte ederretako udal museoa. v Historia. Erromatarren garaiko Portus Victoriae-ri dagokio, uste denez, Santander-ko hiria. Alfontso VIII.aren eskutik lortu zuten foruen bidez gobernatzeko eskubidea (1187). Arrantza eta merkataritza hiri bihurtu zen; Gaztelako artilea esportatzen zen portutik Flandesera. XVI. mendean, ordea, gainbehera etorri zen portuko jarduera Bilbokoaren mesedetan. 1755. urtean jaso zuen hiri-gutuna eta XIX. mendean antzina izan zuen oparotasuna berreskuratu zuen Antilletako uharteekin zituen merkataritza harremanei esker (irinaren esportazioa eta azukrearen inportazioa). 1941ean sute handi bat izan zen hiriaren zati handi batean.