Departamento de Cultura y Política Lingüística

Santana, Carlos

Estatubatuar gitarra jotzailea (Autlan, Mexiko, 1947). Izen bereko rock taldeko burua. Garrantzi handikoa bere disko produkzioagatik eta erritmo latinoen erabileragatik. San Franciscon (Kalifornia) bizi izan da gaztetatik. 1966an bere lehen talde profesionala sortu zuen, Tom Fracer gitarra jotzailearekin batera: Santana Blues Band. Taldeak arrakasta handia izan zuen inguruetan jo zituzten kontzertuetan eta Woodstockeko Jaialdian, eta horri esker kontratu bat izenpetu zuten CBS disko etxearekin. Handik gutxira argitaratu zen taldearen lehen diskoa: Santana (1969). Berehala milioitik gora disko saldu zituen eta Estatu Batuetako disko zerrendako lehen postua lortu zuen Evil Ways izeneko abestiarekin. Bigarren diskoak ere oso kritika onak izan zituen: Abraxas (1970). Lan horretan Fleetwood Mac-en Black Magic Woman eta Tito Puenteren Oye cómo va bezalako klasikoak sartu zituen. Bigarrenak bezala, hirugarren diskoak afrokubatar eragin handia zuen: Santana III. 1972an, ekialdeko musika moldeen eta beste musika molde konplexuago batzuen bilaketaren eragina nabaritzen hasi zen Santanaren musikan, eta hala, Caravaserai diskoaren argitalpenaren ondoren, ospe handiko musikariekin jotzen hasi zen (Buddy Miles, Alice Coltrane, John McLaughlin). Elkarlan horren emaitza Love Devotion Surrender (1973) izan zen. Beste zenbait lan aipagarri: Welcome (1973); Borboletta (1976); Amigos (1976); Moonflower (1977); Inner Secrets (1978); Marathon (1979).