Departamento de Cultura y Política Lingüística

nitrogeno

iz. Kim. Gai bakuna (N; at.-z. 7; at.-m. 14). Izen hau, oxigenoarena bezala, atomoa nahiz molekula izendatzeko erabiltzen da. Daniel Rutherford-ek aurkitu zuen eguratsean, Priestley izan zen oxigenoa eta nitrogenoa lehen aldiz bereizi zituena eta Lavoisier-ek aurkitu zuen gai bakuna zela, eta aztertu zituen haren tasunak. Molekula egoeran (N2), gas koloregabea, usaingabea eta geza da, eta Lurraren eguratsaren osagai nagusia da (bolumenaren % 78ko proportzioan). -196 °C-tan bihurtzen da isurkari, eta -210 °C-tan solidotzen da. Erreaktibitate gutxiko gaia da; beraz, ez da sukoia, eta lurrazalean beste elementu batzuekin konbinaturik ageri den nitrogenorik gehiena gai organikoetan dago; bere mineral bakarra sodio nitratoa da (NaNO3). Oxigenoak eta karbonoak bezain garrantzi handia du bizitzaren prozesuetan, nitrogenoa baita animalien bizitzaren oinarri diren aminoazidoen eta proteinen osagai nagusietako bat. Gai hauek lur zoruan bakterioek finkatzen duten nitrogenoa oinarritzat erabiliz sintetizatzen dira, landareek eta animaliek ezin baitute zuzenean hartu eguratseko nitrogenoa. Aipatu diren gaiez gainera, beste gai kimiko ugariren osagaia da nitrogenoa (nitruroak, aminak, azidoak, purinak, nitriloak, alkaloideak etab). Berotan oso erraz erreakzionatzen du hidrogenoarekin, eta amoniakoa eratzen du, eta tenperatura nahiko garaietan litio, kaltzio, magnesio, burdina, aluminio eta gisako metalekin, nitruroak eratzen ditu. Lehergai gehienetan, kautxuzko azeleradoreetan, ongarrietan eta droga askotan elementu eragilea da. Oinarrizko egoeran nitrogenoak erabilpen ugari ditu: oso erreaktiboak diren gai kimikoak babesteko, putz egiteko gas gisa plastikoen ekoizpenean, kutsadura kentzen duen gas gisa eta garraiatzaile gisa hotza sortzeko zenbait eraikuntzatan. Ez da pozoitsua.  v  Nitrogenoaren finkapena. Biol. Eguratseko nitrogenoa inertea bada ere, ez da nitrogeno iturri egokia organismo gehienentzat. Badira hala ere eguratseko nitrogenoa finkatzeko gai diren bakterioak eta landareak. Finkatze hori era sinbiotikoan egin daiteke. Bigarren hau Azotobacter generoko bakterioek, Clostridium mota batzuek eta zianobakterio batzuek egiten dute. Lehenengo finkatze motari dagokionez (nitrogenoaren finkatze sinbiotikoa), landare lekadun batzuek (ilar, babarrun, alpapa, baba etab.) eta beren sustraietan bizi diren Rhizobium bakterioek eratzen duten elkarteari esker egiten da. Ez landareek eta ez bakterioek ezin dute eguratseko nitrogenoa finkatu bakoitzak bere aldetik, baina bien elkartzeari esker gai nitrogenatuak (proteinak) sintetizatzen dira sustraietan.  v  Nitrogenoaren zikloa. Lur zoruaren, uraren, airearen eta landare eta animalia organismoen artean egiten den biologia prozesu garrantzitsua. Nitrogenoa lur zoruan nitrato eran egoten da normalean; nitrato hori uretan urtuta xurgatzen du landareak. Nitrato horrekin, landareak aminoazidoak eta proteinak eratzen ditu fotosintesi bidez. Landareak jaten dituztenean animalia landarejaleek beren ehunetarako egokiak diren proteinak sintetizatzen dituzte landareen proteinez (aminoazidoez) baliatuz. Gauza bera egiten dute animalia haragijaleek beste animaliak jaten dituztenean. Goi mailako animalien eta landareen bizitzak, lur zoruan dagoen nitrogeno inorganikoa (nitratoak) nitrogeno organiko konplexu (proteinak) bihurtzeko joera du. Mikroorganismoek ordea, berriro oreka ezartzen dute aurkako bidea eginez: lur zoruan dauden mikroorganismo usteltzaileek hondakin nitrogenatuak, eta hilotzen eta iraizpenen proteina molekulak erasotzen dituzte, eta amoniakoa eratzen. Ondoren, amoniakoa lehenengo ioi nitrito eta gero ioi nitrato bihurtzen duten bakterio batzuek (bakterio nitrifikatzaileek) hartzen dute parte. Eratutako ioi nitratoek lur zoruko ioi alkalinoekin erreakzionatzen dute, zenbait nitrato mota eratuz. Nitrato hauen zati bat berriro erabiltzen dute landareek; beste zati bat, uretan urtuta, ibaietara joaten da. Azken nitrato hau bakterio desnitrifikatzaileek deskonposatzen dute airera pasatzen den molekula erako nitrogeno eratuz.