Departamento de Cultura y Política Lingüística

neutroi

iz. Fis. Protoiarekin batera, atomoaren gune edo nukleoaren osagai den karga elektrikorik gabeko partikula. Nukleo bakoitzean neutroi bi edo gehiago izaten dira, hidrogenoan izan ezik, honek ez baitu bat bera ere. Atomo bakoitzaren neutroi kopurua atomoaren masari zenbaki atomikoa kenduz jakiten da. Neutroia James Chadwick britainiar fisikariak aurkitu zuen 1932an. Bere masa 1,009 da, protoiarena baino pixka bat handiagoa. Ez da partikula egonkorra, eta berez desintegra daiteke protoi bat, elektroi bat (beta erradioaktibitatea) eta antineutrino bat sortuz; horixe da beta erradioaktibitatearen oinarrizko mekanismoa. Berilioa eta antzeko atomoak alfa partikulekin (helioaren nukleoak) bonbardatzean sortzen dira. Uranio-235 plutonioaren eta beste elementu batzuen nukleoen fisio bidez ere lor daitezke. Horrela askatutako neutroiek laster higitzen dira (neutroi lasterrak), eta katean gertatzen diren erreakzioei hasiera emateko erabil daitezke, atomo bonban adibidez. Neutroiek karga elektrikorik ez dutenez, oso erraz sartzen dira atomoen nukleoetan haien fisioa eraginez. Erreakzio geldiagoa nahi denean, neutroi lasterren energiaren zati bat gai moderatzaile batek xurgatzen du, eta horrela lortutako neutroiak geldoak edo termikoak direla esaten da; energia elektrikoa lortu nahi den zentral nuklearretan erabiltzen dira, besteak beste. Neutroiak ikerketa laborategietan ere erabiltzen dira, beraiekin atomoak bonbardatuz nukleo erradioaktibo eta isotopo berriak sortzeko. Gai horiek oso erabiliak dira medikuntzan eta teknologian. Neutroiek izaki bizien ehunetan kalteak sortzen dituzte, eta jantzi babesle bereziak erabili behar izaten dituzte neutroien ekoizpenean lan egiten dutenek.  v  Neutroi bonba. Neutroi lasterren kopuru handia askatzeko gai den fisio-fusio motako arma nuklearra. Estatu Batuetan asmatu zuten eta 1977. urtean eman zuten ezagutzera NATOko gudarosteek erabil zezaten. Ezaugarri nagusia da oso inguru zabal batean bizitza mota guztiak desegiten dituela, eta etxeak, zubiak, errepideak ez direla hondatzen, bonba erori den lekuaren inguru labur batean izan ezik. Kilotoi kopuru bereko bonba nuklear normal batekin alderatuz, neutroi bonbaren suntsitze ahalmena 6-10 bider handiagoa da.