Nevada
Estatu Batuetako mendebaleko estatua. 286.297 km2 eta 799.000 biztanle. Hiriburua: Carson City. Beste hiri nagusiak: Las Vegas, Reno, Virginia City. Mugak: iparraldean, Oregon eta Idaho estatuak; ekialdean, Utah estatua; hego-ekialdean, Arizona estatua; hegoaldean eta mendebalean, Kalifornia estatua. Arroa Handia izeneko ordoki zabalaren barruan dago; ordoki horrek Mendi Harritsuak banatzen ditu eta mendikate eta muino asko ditu. Ibaiak: Humboldt eta Snake dira. Klima: lehorra, oso beroa eta neguan hotza. Ekonomia: Estatu Batuetako estaturik idorrena denez, lur gutxi lantzen da eta lantzen dena ureztatzearen mende dago (laboreak, patatak; hegoaldean, tomateak eta fruituak). Abere hazkuntzak garrantzi handia du Nevadako ekonomian. Meatze asko dira: urrea, kobrea, beruna, zilarra, burdina, zinka, merkurioa, titanioa. Industria: zurgintza, beiragintza, kimikagaiak, elektronika. Turismoa garrantzi handiko alorra da; Las Vegas eta Renoko kasinoek etekin handia ematen diote estatuari. XIX. mendearen bukaeraz geroztik iparraldeko eta hegoaldeko euskaldun asko joan izan da Nevadara artzaintzan lan egitera, eta jatorri euskalduneko jende asko dago, Reno inguruan batez ere.1968an sortu zen Renoko unibertsitatean Basque Studies Program izeneko saila, ikerketagune eta irakaskuntzagune garrantzitsua William A. Douglas zuzendari duela. v Historia. XVI. mendearen bukaeran espainiarrek esploratu zuten, eta Espainia Berria erregeorderriaren barne egon zen. 1848an Mexikok Estatu Batuen esku utzi zuen lurraldea; 1850ean Utah estatuak beretu zuen. 1849tik aurrera jendetza handia iragan zen handik Kaliforniarako bidean, han urrea aurkitu omen zutela eta. 1861ean lurralde autonomoa izan zen; 1864an Estatu Batuetako estatu egin zen.