Departamento de Cultura y Política Lingüística

Marcuse, Herbert

Alemaniar filosofoa (Berlin, 1898 - Stamberg, 1979). Berlingo eta Friburgoko unibertsitateetan ikasi zuen; azken horretan Heidegger izan zuen irakasle. Heidegger-ek berak zuzendu zion ontologiari eta Hegelen historiari buruzko doktoretzako tesia. 1933an Alemania utzi behar izan zuen naziengandik ihesi, eta 1934tik aurrera Estatu Batuetan bizi izan zen. 1940an Estatu Batuetako herritar egin zen. Marcuseren lana Marxen pentsamenduaren eta Freuden teorien arteko sintesia da, eta bertan nabariak dira, besteak beste, Hegel, Heidegger, Reich eta Fourier filosofoen eraginak. Marcuseren ideiek eragin handia izan zuten ezker berria-ren sorreran, eta baita, 1968an, Parisen, Erroman, Berlinen eta New York-en izan ziren gatazka eta higikundeetan ere, unibertsitatean batez ere. Idatzi zituen lan aipagarrienak hauek dira: Reason and Revolution (1941), Eros and Civilization (1955), Soviet Marxism (1958), One Dimensional Man (1964), The Ethics of Revolution (1966).