Marcos, Ferdinand Edralin
Filipinetako politikaria (Sarrat, 1917 - Hawaii, 1989). Errepublikako lehendakari izan zen 1965etik 1986 arte. Bigarren Mundu Gerran Japoniaren kontra gerra egin zuen, eta preso hartu zuten (1941-42); askatu zutenean, bere eskualdeko gerrillako buruzagi egin zuten. Gerra ondoren, Ordezkarien Ganberako kide hautatu zuten 1949ko hauteskundeetan eta baita 1953koetan eta 1957koetan ere. 1965ean Errepublikako lehendakari aukeratu zuten eta 1969an berriro irabazi zituen hauteskundeak. 1972an, ordea, diktadura ezarri zuen, Mindanaoko musulmanen matxinadaren kontra borrokatzeko aitzakia hartuta. 1975ean bizi guztirako lehendakari izendatu zuten. FLNM eta oposizioko beste erakunde politikoen kontra gogor jardun zuen, eta haren buru zen Benigno Aquino hil zutenean (1983), Marcosen erregimenaren kontrako jarrerak indarberritu egin ziren. Hala, Marcosen kontrako oposizioa, Benigno Aquinoren alargun Corazón Aquinoren inguruan bildu zen. 1986ko otsailean hauteskundeak egin zituen, barne arazoen eta atzerriko presioen ondorioz. Hauteskundeak ez ziren garbiak izan; legebiltzarrak Marcos izendatu zuen garaile. Militarrak, ordea, matxinatu egin ziren eta Marcosek Filipenetatik ihes egin behar izan zuen. Corazón Aquinok hartu zuen haren lekua. Filipinak utzi ondoren Hawaiira joan zen, eta han hil zen 1989an.