Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Zer da kontziliazio erantzunkidea?

Kontziliatzea "bi gauza edo gehiago bateragarri egitea" da.

Norberaren bizitzari, lanekoari eta familiakoari "kontziliatu" terminoa gehitzen diogunean, pertsonen bizitza osatzen duten esparruak modu egokian eta aldi berean garatzea ahalbidetzeaz ari gara:

  • Norberaren bizitza, atsedenaldiak, nork bere burua zaintzeak, aisialdiak eta denbora libreak eta gizartearen parte-hartzeak osatzen dute.
  • Familia-eremua, harreman afektiboek, zaintzak eta hezkuntzak osatzen dute.
  • Lan-esparrua, hau da, baliabideak hornitzea eta lanbide-garapena.

Bizi garen gizarte-errealitateak inplikazio eta esfortzu handia eskatzen du horietako bakoitzean sortzen diren beharrei erantzun ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da kontziliazioari erantzunkidetasunetik heltzea.

Erantzunkidetasun hori horrela eman behar da:

Lan-eremuan: enpresaren eta langileen beharrak, produkzio-beharrak (enpresaren kasuan), premia pertsonalak eta familiakoak (langileen kasuan) konpontzeko borondatetik eta konpromisotik abiatuta.

Familia-eremuan: familiako kide guztien artean (gurasoak, seme-alabak eta familia-unitateko kide izan daitezkeen beste pertsona batzuk), etxeko eta zaintza lanak kide guztien erantzukizuna dela ulertzea, eta berdintasunean oinarritutako harremanak defendatzea, pertsona guztien garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetuz.

Gizartean: kontziliazioaren erantzukizuna ez da norbanakoena, baizik eta gizarte osoarena. Beraz, eraldaketa hori lortzeko, hezkuntza, kultura eta gizarte-egiturak aldatzea beharrezkoa da, bereziki gizarte-erakundeei, enpresei eta administrazioei dagozkienak.

Familiei: emakumeei eta gizonei, etxeko erantzukizunen, hazkuntzaren eta zainketen banaketa ekitatiboa egiten saiatu behar baitute, aurrez ezarritako genero-rolak hautsiz. Era berean, seme-alabek etxeko eta familiako lanetan ere parte hartu beharko dute, beren gaitasun-, erantzukizun- eta garapen-mailaren arabera. Hau da, familia-unitateak osatzen dituzten pertsona guztien ekarpena beharrezkoa da, aniztasun osoan.

Enpresei: berdintasunerako politikak ezarri behar dituztela, eta norberaren, familiaren eta lanaren kontziliaziorako neurriak sustatu behar dituztela beren langileentzat.

Administrazio publikoei: emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren alde lan egin behar dute, erantzunkidetasuna sustatu eta kontziliazioa erraztuko duten politika publikoak diseinatuz.

Sindikatuei: negoziazio kolektiboan norberaren, familiaren eta lanaren bateragarritasunerako neurriak txertatzea bultzatu behar dutela.

Langileei: lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea modu arduratsuan gauzatu behar dute.